Goya sariak

Idoia ZuloagaZapatuan Goya sarien banaketa izan zen, eta telebistan hoberik ez zela iritzita, ikusi egin nuen. Ez naiz ni horrelakoetan aditua, baina astun samarra iruditu zitzaidan, aurkezlearen ahaleginak ahalegin.

Benetan negargarria aktoreek-eta eskerrak emateko sasoian musika bidez moztea, hogeita hamar segundotik gora emanez gero. Are tamalgarriagoa baten batek protesta egiteko unean suertatu zenetan. Emanaldian zehar ez zen gai sakonetan sartzeko gogo handitik sumatu, behintzat.

Han izan ziren denak dotore-dotore; aktoreak bakarrik ez, politikari zenbait ere. Estatuko presidente lanetan ari dena izan ezik, izan nahian dabiltzan guztiak izan ziren bertan. Eurak ere aktoreak balira bezala, euren jantzi apain bezain ezohikoak soinean, inauterietan gaudela gogora ekarriz.

Hainbat izan ziren saria jaso zutenak, eta ez naiz ni lan horiek aztertzen hasiko, baina benetan deigarria egin zitzaidan ‘Truman’ izatea sari gehien eskuratu zuena. Heriotzaren aurrean dagoen pertsona baten istorioa kontatzen diguna, hain zuzen ere.

Deigarria diot, Heriori trufa egingo diogun itxaropenean, gazte irautea helburu duen gizarte honetan, zahartzearen aurkako borroka etengabe bilakatu dugun sasoian, hil hurran dagoen pertsona baten gaineko pelikula bat gailentzea harrigarria egiten zaidalako. Hildakoen oroimenez egindako tartean Kontxu Odriozola, Goenkaleko Maria Luisa agertu ere ez egitea bezain harrigarria. Astirik ez?

Eta ez dut amaitu gura ‘Un otoño sin Berlin’ pelikularen zuzendaria den Lara Izagirre zornotzarra zoriondu barik, bere filmeko aktoreak, Irene Escolarrek, saria jaso zuen eta. Gainerako saritu euskaldun guztiei ere zorionak, ez baita batere erraza izan behar tokia izatea non eta…“en la noche del cine español”.