Greba politikoa da

Noski politikoa dela. Harrigarria iruditzen zait beti entzutea zer aitzaki jartzen diren greba ez egiteko. Bata horixe bera da “greba politikoa dela”, jakinik greba bera dela ekintza politiko bat. Bestea “lan egiteko eskubidea” da, justuki lan egiteko eskubidearengatik egiten denean greba bera.


Gainera, urtarrilaren 30eko greba orokorra ez da soilik lan arloko greba, ez eta neurri zehatz batzuen aurkako erantzuna. Alternatiba sozial bat proposatzen da, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bidez.

Makroekonomia gorantz doa, baina hori ez da aberastasunaren banaketan islatu. Euskal Herrian prekaritatea gero eta ohikoagoa eta zabalagoa da. Azken ikerketen arabera 415.600 pertsona inguru pobrezian bizi dira Hego Euskal Herrian. Horietatik asko pobrezia larrian daude, gazteak, migratzaileak, lan prekarioetan dabiltzanak, baita 400 euroko pentsioekin bizirauten duten alargunak ere, bereziki, andre helduak.

Hauek dira datuak, baina…. jartzen al diegu aurpegia datu horiei? Pobrezia irudikatzen dugu hiltzeko zorian dagoen pertsona batekin, baina pobreziak baditu beste mila aurpegi: elikadura falta, etxeko energia, garraio gaitasuna, eskolako gastuak…
Denak batu beharrean gaude, pentsiodunak, feministak, gazteak, migratzaileak, langile prekarioak… eta kalea hartu urtarrilaren 30ean eta gero ere bai!