Haltzadi bat gitxiago, parke bat gehiago

EstiSarriBaliteke, nire antzera, beste nonork be, Gane auzoko frontoi osteko haltzadian erreparatu izana. Aspaldi jo neban begiz, artean zuhaitz txiki batzuk baino ez ziranean ageri, eta pozik jarraitu dot urteetan egin dauan itxura aldaketa; arbola solte batzuk izatetik, baso itxura hartu dauan haltzadi bihurtu arte.

Haltzadi gaztea, beti be, eta holakoetan normala dan moduan, itxia eta iluna; txikia gainera, baina bere txikitasunean altxor handia, ezin da eta imaginatu zelako garrantzia daukien halako guneak ingurumena eta biodibertsitatea zaindu gura badira, eta are gehiago gurea moduko udalerrian.

Bertako basoek ez dabe lur askorik hartzen gurean, eta dagozan apurrak txikiak eta euren artean urrun ageri dira. Ezinbesteko bihurtzen dira, holakoetan, han-hemenka egon daitekezan baso txatalak, hainbat animalia eta landarek, euren joan-etorrietan, babesa eta bizitokia aurkitzen baitabe eremuotan.

Nire poz guztiak amorruak ito ebazan aurreko astean: haltzadia txikitu egin dabe; arbola gehienak eta baso azpiko belar eta sastrakak ebagi, eta erabat “garbitu” dabe ingurua. Batek baino gehiagok politago dagoela eretxiko dautsa, behar bada; azken finean, parke edo lorategi baten antz handiagoa dauka orain, eta gure gustoak, gitxi asko, ezagutzen dogunaren arabera eraikitzen doguz, gehienok.

Ohituta gagoz basoak “garbi” ikusten, eta basopea itxiegia bada, belar, sastraka edo lurrean egur gehiegitxo dagoelako, laster esan/entzungo dogu basoa “zikin” dagoela. Horregatik txikitu ete dabe haltzadia? “Zikin” dagoela eretxi dautsalako norbaitek? Izan be, herri inguruan eremuren bat “zikin” ikusten dogunean arriskuen iturri imaginatzen dogu berehala; “garbi-garbi” iztea izaten da, orduan, neurririk gogokoena, edozein dala eremua, eta euki leiken garrantzia kontuan hartu barik.

Baso “zikinetan” “garbietan” baino espezie gehiago egon daitekeela, edo lehenengoek bigarrenek baino onura/zerbitzu gehiago eskaini daikiela jakingo bagendu, ordea, seguru nago gure edertasunaren kontzeptua, apurka-apurka bada be, aldatu egingo litzakeela. Herrietan bertan be, lorategi itxurako gune hain “garbien” ordez, beste batzuk “zikinagoak” mantenduko geunkez; zalantza barik, biodibertsitatea kontserbatzeko askoz hobeak, baina, zer esanik ez, gazteen jakinmina bultzatzeko, ingurumena ezagutzeko, abentura zaleen grina kanporatzeko, edo, beste barik, nire antzera, ikusterakoan alaitzeko.