Haurrak errespetatu!

Larria eta lotsagarria! Ez dago beste hitzik itxialdian zehar umeei egin dietena adierazteko. Hilabete eta erdi etxean giltzapetuta egon dira, eta gero egunero kalean egoteko ordu bete eduki zuten, besterik ez. Kutsatzea ekiditeko irtenbide bakarra haurrak erabat konfinatzea zela esaten zuten. Gezurra zen. Europako herrialde guztiek ez dituzte konfinamendu neurri zorrotzak ezarri. Frantzia, Belgika, Suitza, Austria eta Erresuma Batua, besteak beste, Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraitu zituzten eta aukera ematen zuten haurrak modu ordenatuan ateratzeko, etxetik gertu, gurasoekin buelta bat ematera.


Haurrak transmisio bektoreak ziren, birusa kutsarazteko helduek baino gaitasun handiagoa zutela esaten zuten. Gezurra da. Edozein adineko edozein pertsonak kutsa dezake birusa, baldin eta eramailea bada edo gaixotasuna badu. Ez dago ebidentzia enpirikorik esateko adingabeek beste edozein adin-taldek baino kutsatzeko gaitasun handiagoa dutela.

Haurtzaroan konfinamenduak ez zuela ondoriorik esaten zuten, haurrak helduak baino hobeto moldatzen direla edozein egoetara. Gezurra zen. Konfinamenduaren ondorioekiko haurrak helduak baino ahulagoak dira, hainbat arrazoirengatik. Haurrak hazteko fasean daudenez, ingurune naturala behar dute beren garapena osatzeko, gure espezieko izaki guztiek egin duten bezalaxe. Aire freskoa, argi naturala, mugimendua eta jolasa, lurra, ura eta landaretza behar dituzte. Osasuntsu hazteko, kalkulatzen da egunero hiru edo lau orduz, gutxienez, jolas espontaneoa egin behar dela aire zabalean. Konfinamenduak bazuen ondorio kaltegarririk haurren osasunean, ongizatean eta garapen fisiko eta psikikoan.

Umeak ez dira objektuak, eskubideak dituzten subjektuak baizik. Behar bereziak dituzten herritarren kategoria berezia da haurrena, nazioarteko legeak araututakoa. Badakigu haurren bizipenek eta gabeziek ondorio garrantzitsuak dituztela haien bizitza osoan.
Demokrazia bermatzeko, haur guztiek eskubide eta betebehar berberak izan behar dituzte. Baina gaur egun, guztiek ez dute eguzkia, aire zabala, berdeguneak, naturan bat-bateko jolasa edo familia lasai eta sosegatu batean egoteko aukera bera, eta faktore horiek ezinbestekoak dira garapen osasungarrirako.