Haurren Hiria eta Zornotzako Udala

Xabi Gutierrez.

Askotan bezala, teoria eta praktika ez datoz bat eta hori administrazioetan edo instituzioetan maizegi gertatzen da. Kasu honetan Zornotzako Udalaren adierazpen batekin gertatu da. 

Teoria: ‘El Correo (Español)’ egunkarian irailaren 29an hurrengo berria ikusi genuen argitaratuta:

‘Amorebieta se convierte en ciudad amiga de la infancia’. “La protección de la infancia es uno de los grandes retos de nuestra sociedad. Los niños y las niñas no son ciudadanos y ciudadanas en potencia, sino que lo son de hecho, y por lo tanto debemos situarlos en un nuevo escenario en cuanto a su condición de ciudadanos y ciudadanas plenas, con necesidades y expectativas propias que las instituciones deben saber recoger en su acción política”.

Hitz hauekin adierazi zuen Zornotzako Udalak ‘Haurren Hiria’ programarekin bere konpromisoa. Eta jarraitu zuen: “Lehenengo pausua haurtzaroaren batzorde bat sortzea aurreikusten da umeen ikuspuntutik bizikidetza sustatzeko”. “Programak gizarte osoari eta bereziki umeei mesede egingo die”.

Honaino teoria, hurrengoa praktika: Zornotzako ‘Altzoan’ hazkuntza taldea bere sorreratik Udalari eskatzen ari zaio (beste gauza batzuen artean) espazio duin eta behin betikoa familiak eta umeak elkartu ahal izateko.

Zertarako eta umeek elkarrekin jolasteko, gustura egoteko, edoskitzerako, harremantzeko, elkarrekin ikasteko, bizikidetzan autonomoak izaten ikasteko, etab. Baina orain arte Udalaren erantzuna izan da udalerri osoan ez dagoela horretarako leku egokirik.

Horrela bada, jarraitzen dugu umeentzako eta familientzako espazio egonkorrik izan gabe; oraingoz, libre dagoenean, Zelaieta zentroko kontzertu gelan batzen gara, baina, esan bezala, libre egon behar du. Tristea da, baina gure herria  kotxeentzat egina da eta ume eta familientzat leku egokirik ez egoteaz gain, orain oraingoz umeentzat oso toki arriskutsuak daude.

Gauzak horrela, Udalak ‘Haurren Hiria’ proiektuaren barruan egon nahi du. Baina horrek ez dauka  txintxaun asko eta aterpedunak jartzearekin zerikusirik. ‘Haurren Hiria’ proiektua Euskadiko Haurren Hirien Sarea eta Francesco Tonucciren ‘La citta dei bambini’ proiektuarekin lotuta dagoen ekimena da, hiria haurren parametrotik aldatzeko proiektu politikoa:

Proposamena  ekintza zehatz hauen bitartez hastea da:  

1. Umeen Kontseilua: haurtzaroaren kontseilu bat sortzea, edo alkatearen eta haur talde baten arteko komunikazioa bermatuko duen kontseilua sortzea.

2. Udalerriko espazio komun eta publikoek haurrekin elkarbizitzeko baldintzak betetzea.