Hausnarketa eta biharamun egunak

JuanluMaiatz hau benetan emankorra. Gure inguruan Bizkargiko Santikurtzetako jaia, aurten maiatzaren 3a, Gernikalde, Zornotzalde, Txorierri eta hurrinago be bizi diran euskaldunen topaleku bikaina izan da eta bertan gudariak oroitzeaz ganera, mugimendu sozialek euren lekua izan dabe aurtengoan be, bigarren urtez ‘Gure Esku Dago’ren eskutik.

Baina gure zornotzarrontzat “udabarriko jaia” be bada, udabarriko lehenengo jai eguna dala esan geinke, iraganean izan zan moduan, herritik hurrin dagoan parajean, naturaren erdian, haizea, euria edo eguzkia, eta horrek danak batera izaten diran sasoian. Bizkaiaren erdian.

Egunokaz Udal eta foru hauteskunde kanpainan sartuta gagoz, eta gaur “hausnarketa” eguna da. Era guztietako eretxiak entzun dodaz, EHbildu mantendu, apur igon, apur bat bajatu egingo dala. PNVgaz bardinketa lortzeko aukerak dagozala (7-7) eta, akaso, PSEk bakarra lortuta eta Hiri Ekimenak bi, Alkatetza be eskuratu geinkela, PNV lehenengoz oposiziora pasatuz.

Aldaketa oso ona litzateke, haize freskoa beti ondo datorrelako, ilusio barriak bizten diralako, ahalguztidunik behar ez dala jakitea osasuntsua dalako.

Honetan nabilela, enteratu naz herriko gazteek lokal bat okupatu dabela Zornotza erdiko kale ezagunean. Eta honetaz, hausnarketa batzuk egin gura neukez. Batetik, gazteek beharrizan handia daukiela gune libre, autogestionatu bat izateko. Argi dago, Ametxek ez daukala kondizio hori eta izugarri inportantea dala gazteek sorkuntzarako eta alkarregaz lasaitasunez egon ahal izateko aukera finkoa izatea, hau da, Gaztetxea.

Hori esanda, esan behar da danak ez dauala balio eta erabiltzen dan metodoa egokia izatea komenigarria, ezinbestekoa dala. Zornotza herri txikia da eta ahalegin gitxi batzuk eginda, uste dot, arinago interesgarria izan leiken lokalaren jabeagaz egon behar dala, baita alderdi politiko desbardinetako ordezkariakaz be. Izan be, holango kontuek sarri kanalizatu beharra izaten dabe talde politikoen bidez, ala bestela politikaren porrotaren seinalea baino ez da, begi bistakoa dalako gazteen beharrizanetatik eta erreferentzialtasunetik at dagozala.

Egia da kontu hau zaharra dala eta aspaldi urtenbide bat izan behar ebala baina formak danok zaindu behar doguz eta kasu honetan jabeak errespetatuz, ezer baino aurretik berba eginez.

Astelehena da gaur, hauteskunde egunaren biharamuna. Errealidadea gordina da, PP desagertu da Zornotzan eta PSEk inoizko emaitzarik txarrenak lortu dauz. PNV igon egin da (4017 boto eta 8 zinegotzi) eta Alkatetza eskura dauka; eta EH Bilduk 404 boto galdu dauz (6 zinegotzi), berdinketaren ametsa urrunduz, eta itxura batean Hiri Ekimenaren eskutik (zinegotzi 2).

Antza danez, joera bera emon da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan kalte itzela Gipuzkoan gertatuz, besteak beste, Foru Aldundia eta Donostia galdu dira. Bestelako sentsazioak datoz Nafarroatik, bertan aldaketa gertatzeko zorian dagoalako. Ea benetan egia dan, eta handik datorren haize barria hona be badatorren, Euskal Herriaren askapen prozesuan aurrerapauso bikaina emonaz, alderdi abertzaleen arteko alkarlana oinarri hartuta, EH Bildu eta Geroa Bai. Baina oso garrantzitsua, baita ezkerreko beste alderdien laguntzaz be. Zubi lana inoiz ez da bazterrean itxi behar, alderantziz, guztiak dira eta gara beharrezkoak.

Danari begiratu ezkero, ezin esan baina emaitzak guztiz txarrak diranik, mingarriak izan arren. EH Bilduk Hego Euskal Herrian 300.000 bototik gora lortu ditualako, bigarren indarra da nabarmen eta emaitza bereziki onak lortu dituan PNVren atzetik geratu dalako.

Mundua ez da amaitzen hemen, laster, datorren ekainean ‘Gure Esku Dago’ herri ekimenak ekintza mundiala burutzeko gonbitea egina deuskulako: boto-kutxa erraldoiak irudikatzea Euskal Herriko bost eszenatokitan, guregandik hurbilena San Mames barrian. Ondoren, udagoien aldera beste hauteskunde batzuk be etorriko dira eta ikusiko dogu zer jazotzen dan.

Ez dogu irabazi oraingoan baina ez gara gitxi, animo hurrengo olatua gure alde izatea lortuko dogulako, ilusioz eta lan eginez, batez be Euskal Herri librea irabaztea gure esku dagoalako.

 

 

Zornotza, 2015eko maiatza