Hauteskunde Orokorrak: nire gizarte dezentearen marka

JuanluIzen ofiziala hori izan arren, dudarik ez dago, Hauteskunde espainolak dira. Halanda be, balioan ipini gura neuke Euskal Herriko indar ezkertiar, aurrerazale eta abertzaleak korronte mediatiko guztien aurka emaitza ona izateak daukan garrantzia.

Jakina, EH Bilduri buruz nago berbaz. Izan be, azken berrogeita hamar urteetan hor biltzen diran sektoreak oso garrantzitsuak izan dira, erabakiorrak esango nuke, adibidez:

  1. Hezkuntza sisteman Euskal Herri oso-osoan gure hizkuntza nazionalak aurrera egiterakoan, ereduen banaketa, zonifikazioa eta errekonozimentu eza gaindituz.
  2. Lurralde osoa bisualizatzea, lurralde osoari Euskal Herria deitzea, gure kultura babestu eta bultzatzea.
  3. Langileen lan-baldintzak hobetzeko borroka desbardinak bultzatzea, eten barik lan-harremanen marko propioa defendiduz.
  4. Esklusio sozialaren aurka egin dogu, maila desbardinetan, etorkinen integrazioa sustatuz, prekariedadea eta langabezia salatuz. Sexua, arraza, erlijio, nazionalidade desbardinen diskriminazioaren aurka eta aniztasuna ona dala defendidu dogu.
  5. Emakumeen eskubide bardintasunaren alde agertu gara, ikuspegi integral batetik hartuz.
  6. Hirugarren adinekoentzako gizarte zerbitzuak hobetzearen alde egin dogu.
  7. Gazteak belaunaldi galduak ez izateko, etorkizunaren erdigunean jarri behar dirala adierazo dogu beti, Euskal Herriaren etorkizuna diralako.
  8. Energia barriztatzaileen alde, berziklaje sistema anbiziotsuen alde.
  9. Industriaren deslokalizazioaren aurka.
  10. Bertako produktuak bultzatzearen alde, bereziki, janariari jagokonez.

Horregaitik, eta beste askorengaitik, EH Bildu indartsua izatea komenidu deusku, ez bakarrik euskaldunoi, ezpadaze euskal gizarte osoari, besteak beste, lan-ildo sortzaile, integratzaile, ekologista, feminista, igualitario eta solidario guzti horreek euskal jendartean beti aurrera egiteko bermerik onena dalako.