Heriotzarekin mehatxu egin dio Guardia Zibilak Iñigo Akaiturri zornotzarrari

akaiturri-bergara

Iñigo Akaiturri Bergaran egindako agerraldian. Argazkia: goiena.eus

Guardia Zibilak kontrol batean, Elorrion, gelditu zuen Iñigo Akaiturri zornotzarra. Preso ohia zela jakin zutenean, Land Roverren atzera joateko agindu zioten eta guardia zibiletako batek buruan tiro egingo ziola eta zulo batean lurperatuko zuela esan zion. Akaiturrik Guardia Zibilaren kontrako salaketa jarri du epaitegian.

 

 

Gertakariak duela hiru aste jazo ziren, Elorrion, Guardia Zibilaren kontrolgune batean, Iñigo Akaiturri Bergaratik –han bizi da egun- Zornotzara lanera zihoala.

Autoa bide bazterrean uzteko eta ibilgailutik jaisteko agindu ostean, kartzelan egon ote zen galdetu zioten. Akaiturrik baietz erantzun zien, ETAko kide izateagatik egon zela preso. Ze taldetan aritu zen, bere kideak nortzuk izan ziren, tiro nork egiten zuen…  eta antzekoak galdetu zizkioten. Horrelakorik erantzungo ez zuela esan zien.

Une horretan bide bazterrean zeuden Guardia Zibilaren ibilgailuen –bost Land Rover- atzean jartzeko agindu zioten. “Jarraian haietako batek ea egindakoa ordaindu nuen galdetu zidan; baietz esan nion eta berak ezetz esan zidan; hori pentsatzen bazuen arazoa berea zela erantzun nion”.

“Berarentzat ordaintzeko modurik errazena zulo bat egitea, buruan tiro bat ematea eta zulo horretan lurperatzea zelan esan zidan orduan”, kontatu du Akaiturrik.

Ordubete eta erdiz izan zuten kontrolgunean atxikita. Dokumentazioa lurrera botata eta “terrorista zikin” bat zela esanez handik joateko agindu zioten.

Gauzak horrela, preso ohi zornotzarrak Guardia Zibilaren kontrako salaketa jarri du Bergarako epaitegian.