Herrigunetik Larrea auzora bidegorria egingo du Udalak, EH Bilduren ekimenez

2016an eskatu zion EH Bilduk Amorebieta-Etxanoko Udalari Larrea auzoan bidegorria eraikitzeko aukera azter zezala eta, egingarria zela frogatuko balitz, proiektua gauzatzeko aurrekontu bat onar zezala. Horrez gain, Amorebieta-Etxano Durangaldeko Bidegorri Sarean sartzea adostu dugu udaletxean ordezkaritza dugun alderdi guztiok.

Larrea auzoak Andra Mari ikastola, Larrea eskola publikoa eta udal kiroldegia biltzen ditu, eta, ondorioz, herri-gunetik abiatutako ibilgailuen joan-etorria handia da.

Desplazamendu gehienak autoz egiten dira eta ikastetxeetako sarrera eta irteera orduetan pilaketak izaten dira eta aparkalekuak gainezka egoten dira. Gainera, ohikoa izaten da ibilgailuak gaizki aparkatuta topatzea, eta horrek bizilagunen kexak eragin ditu azken urteotan.

Baina ez gaude soilik trafiko arazo baten aurrean. Oinarrian mugikortasun ereduaren gabezia dago eta hori azpimarratzekoa da neska-mutikoen joan-etorriez ari garelako.

Aipatzekoa da Eskola Agenda 21 planaren baitan gure ikastetxeak lan handia egiten ari direla eta proiektu horren oinarrietako bat mugikortasun jasangarria dela. Baina, tamalez, hori guztia ez dator bat Larrean gertatzen denarekin; izan ere, auzo horretako mugikortasuna auto partikularren erabileran oinarritzen da.

Larrea herri-gunetik kilometro batera dago (Luis Urrengoetxea kaletik Andra Mari ikastolara arteko tartea) eta, ondorioz, ohikoa bilakatu da joan-etorri hori autoz egitea; izan ere, ez dago bizikletaz joateko alternatiba segururik.

Larreara bizikletaz joatea aukeratzen duten zornotzarrak gutxiengoa dira (bizikletak uzteko tokiak beti hutsik daudela ikustea nahikoa da horretaz jabetzeko), besteak beste, herri-gunetik Larreara joateko errepidean bide bazterrik ere ez dagoelako eta autopistako tunelaren zatia bereziki arriskutsua delako.

Hori dela eta, EH Bilduk ondoko eskaera egin zion Amorebieta-Etxanoko Udalari 2016an: Urte hori amaitu baino lehen Larrea auzora bizikletaz joan ahal izateko aukerak azter zitzala, ikerketa bat abiarazita; eta proiektua gauzatzeko zenbatekoa 2017ko aurrekontuan sar zezala.

Atzerapen txiki batekin bada ere, 2017an alternatiba ezberdinak aztertu ziren, eta orain, 2018ko udaberrian, Udala behin betiko proiektua lantzen ari da.

Gauzak horrela, 2018-2019 epealdian hasiko dira Larrea auzora irisgarritasun jasangarri bat bermatuko duen bidegorria eraikitzeko lanak.

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak beste bi konpromiso ere hartu ditu: alde batetik, erdigunean bizikletari espazioa nola eman aztertuko da, galtzadetan bizikletei lehentasuna emanez edota beste aukera batzuk baliatuz.

Eta bestetik, joan den maiatzeko osoko bilkuran EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zen, Durangaldeko Bidegorri Sarea eraikitzearen aldeko konpromisoa aho batez hartuta.

Akordio horri esker, Amorebieta-Etxanoko udaletxeko alderdi guztiak Durangaldeko Bidegorri Sarea eraikitzearen alde agertu gara. Bidegorri horrek Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Iurreta eta Amorebieta-Etxano izango ditu ardatz, eta eskualdeko gainerako herriekin ere izango du lotura.

Horrez gain, Durangaldeko herrietako udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia elkarlanean aritzeko marko bat abian jar dezala eskatuko dio Amorebieta-Etxanoko Udalak Bizkaiko Diputazioari, Durangaldea lotuko duen bidegorria diseinatu, erantzukizunak zehaztu eta proiektua martxan jartzeko.

EH Bildun argi dugu alternatiba bakarra mugikortasun jasangarria dela. Erakundeetan egindako lanaren bitartez bide horretan urrats garrantzitsuak ematen ari garela uste dugu. Baina honek herritarren konpromisoa ere eskatzen du: hartu bizikleta, jantzi kaskoa eta eragin pedalei!