Herritarrekin batera landuko dugu udal-hauteskundeetarako programa

2019an, erronka handia izango du EH Bilduk: maiatzeko udal-hauteskundeetan aldaketa gauzatzea Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuan.

Gure alkategai Ander Uriartek esan zuen moduan, egitura prest daukagu, helburua argi dugu eta bidea markatuta dago: lana, lana eta lana. Ez dago besterik.

Ildo horretan, programa sendo eta erakargarri bat landu nahi dugu zornotzarrekin batera, udal-hauteskundeetan defendatu eta legegintzaldi berrian aurrera eramango duguna.

Horretarako, otsailean hainbat bilera parte-hartzaile jarriko ditugu martxan. Zornotzako EH Bilduren Herri Programa prestatzeko prozesuan hiru fase izango dira.

Lehenengo fasean, alor bakoitzerako (berdintasuna, lehen sektorea, iraunkortasuna, hirigintza…) pertsona arduradun bat izendatuko da, eta gaian adituak diren pertsonei edo interes berezia erakusten dutenei parte hartzeko eskaintza egingo zaie.

Denek talde bat osatuko dute eta hiru dokumentu landuko dituzte: Herriaren diagnosia esparru jakin horretan; herriak esparru horretan dituen ahulgune, mehatxu, indargune eta aukeren identifikazioa; eta azkenik, hori guztia kontuan hartuta proposamen bat egingo dute.

Bigarren fasean, talde guztien proposamenak bateratuko dira, eta Herri Programaren azken zirriborroa prestatuko da. Zirriborro hori herri-bilera batean aurkeztuko da, zornotzarrek ikuspegi orokorra izan dezaten eta ekarpenak egin ditzaten.

Hirugarren eta azken fasean, herri-bileran egindako ekarpenak programan gehituko dira eta Herri Programa ofizialki prest egongo da, dagokion unean publiko egiteko.

Aipatutako bileraren baten parte hartzeko interesik baduzu, edo parte hartzerik ez baduzu eta zure iritzia helarazi nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Facebook, Twitter, e-mail edo WhatsApp bidez.

Bilera parte-hartzaileen nahiz asanbladen datak Zornotzako EH Bilduren sare sozialen eta telefono mugikorraren bidez jakinaraziko ditugu.