Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren atzerapena eta eragileen partaidetzaren kudeaketa salatu ditu EH Bilduk

Gaur egun, Zornotzan indarrean dagoen HAPO (Hiria Antolatzeko Plan Orokorra) 2001eko Arau Subsidiarioetan oinarritua dago. Beraz, azken 20 urteotan, unean uneko hainbat aldaketa egin dira, beharrizan edo interes konkretuei erantzuna emateko. Nahiz eta 2015ean HAPO berriaren lanketa hasi, oraindik, hasierako onespena ere ez du jaso; eta, aurreikuspenen arabera, bizpahiru urte barrurako zehaztuko litzateke plana. Horrez gain, aholkularitza batzordearen eraketa zalantzan jarri da. Izan ere, aukeraketa irizpide gardenik gabe egin da, aurkeztutako hainbat elkarte eta eragile foro horretatik baztertuta.

2015ean HAPO berriaren eraketa hasita, urte bereko ekainean zenbait lan esleitu ziren, hiru urteko epearekin. Berez, 2018ko udarako HAPO berria prest izatea aurreikusten zen. Gaur egun, bi urte eta erdi beranduago, aurreko fasean dago prozesua, hasierako onespenik gabe. Ondorioz, dena ondo bidean, bizpahiru urte barrura arte Zornotzak ez du HAPOaren behin betiko onarpena izango. Alegia, duela bi urte aprobatuta egon beharko litzatekeen planak lauzpabost urteko atzerapena izango du.

Atzerapen horrez ondorioz, azken urteotan zenbait egokitzapen eta gehikuntza egin behar izan dira, horrek duen kostuarekin. Gainera, 2015ean HAPOaren lanketa hasi zenetik, bederatzi espediente tramitatu dira, unean uneko beharrizan edota aldaketei aurre egiteko. Hau da, beharrezkoa den plana egin beharrean, zuloak estaliz aritu da Udal Gobernua, HAPOak ematen duen ikuspegi orokor eta bateratua kontuan izan gabe, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake etorkizunean.

Bestalde, prozesuaren luzapenak berarekin ekarri du aholkularitza batzordea berritu beharra. Herritarren parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, EH Bilduk esker ona adierazi die foro horretan parte hartzeko borondatea agertu duten elkarte eta eragile guztiei, gure herriaren mesedetan arduraz eta erantzukizunez jokatzeagatik.

Hala ere, aurkeztu diren elkarte guztiek ez dute aholkularitza batzordean aritzeko aukerarik izan. Irizpide argirik gabe, Udal Gobernuak hainbat elkarte aukeraketatik kanpo utzi ditu. EH Bilduk argi adierazi nahi du hautaketa hori ez dela bidezkoa izan, gakoa herria denon artean eraikitzea da eta. Interesa erakutsi duten eragile guztiek foro horretan tokia izan beharko luketela uste dugu.