Hitzak eta berdintasuna

Oker ez banago, Axular handiak zioen kontzientzia dela inoiz atseden hartzen ez duen zerbitzaria. Makina bat aldiz entzundako hitza da kontzientzia, gauzak edota fenomenoak aztertzeko darabilgun lotura baita: hizkuntza kontzientzia, kontzientzia politikoa edota gizarte eremuan kontzientzia hartzea, demagun emakumeekiko kontzientzia hartze bat berdintasunaren bidean…

Duela gutxi, denbora entretenitzen nenbilen horretan, kontzientziaren adiera batekin topo egin nuen eta bertan esaten zen kontzientzia, izatekotan, “etorburu” eta “oraina” zela: nondik gatozen eta egun non gauden. Kontzientzia, aurrerapenak eta gabeziak detektatzeko, izan norbanakoak edo kolektiboak.

Euskaraldian bete betean gaudelarik, kontzientziaren oin puntetan pausatu eta ibiltzen hasi nintzenean oroimenak dakarzkit gazte hasierako pasarte haiek, non gure guztiz egin gabeko kontzientziak erdaraz egitera garoatzan, baina aitak mugak ipintzen zizkigun argi eta garbi esanez: “Etxetik kanpo zeuok jakingo dozue zelan berba egin, baina etxeko ataritik barrura, euskaraz”.

Argi dago nire etorburua bezala hartu dezakedala, gerora orainaldian hainbat urrats eman ditudalarik. Nondik gatozen eta orainaldian zer garen, nolako portaera dugun eguneroko dozenaka egite txiki horietan. Horiek eta ez besteek, definitu behar dute gure hurrengoko urratsak.

Hizkuntza bat hitzez osatuta dagoenez, berebiziko garrantzia du idazten dugun horrek, eta hitzez kontatzen dugun horrek. Izan gaitezke idazle handi eta oparoak, milaka irakurle eduki, baina, ordea, pertsona bezala miserable eta misogino batzuk izan.

Esaterako, emakumeak duela gutxira arte ez du baliorik izan Historiaren kontaketarako. Gizarteek antolatu dituzten eginkizun bakoitzean bere presentzia ezinbestekoa izan da, gerrak barne, lehen lerroan izan baita uneoro, nahiz gizonak bere boterea mantenarazteko, bere presentzia isilarazi, ezabarazi egin.

Emakumeen aurkako indarkeriaren ezabapenak lekarke kontzientzia hartze bat. Denok dugu erantzun bat emateko aukera, denok dugu zerbait gehiago egiteko norberaren hartze-hautuan. Emakumearen kontrako indarkeriak ez du eduki behar inolako heldulekurik, arnas txikiena ere ezabaraztea lortu behar dugu.

Asko falta da oraindik, baina emakumeak iniziatiba hartzen, gauza berriak planteatzen eta gizonok euren aliatuak izanez, denok elkarrekin bidean urratsak emanen ditugu berdintasuna gizarte osoaren orubean erein arte.

Horrela pausoka beharko genuke ibili, hondartzara olatuak ailegatzen diren bezala, batzuetan abiaduraz, bestetan lasaiago baina etengabe beti, horixe baita denboran formula bakarra gauzen atxikipena ahalbidetzeko eta geroan ziurtatzeko.

Errealitate bat aldatzea, edo berarekiko dugun somapena aldatzea, hitzak eraldatuz has gintezke, hitza bera hartuz kirol nazionala bezala.