Horma zuriak

Mundua kolorez pintatzen saiatu ginenean,

Zuok, mundu gris aseptikoa maite duzuenok,

makilkadez ordaindu zeniguten ahalegina.

Zuok, horma zuriak maite dituzuen horiek,

Zer bilatzen duzue, zuon polizia, epaile

eta kale garbitzaileekin?

Ez al duzue ulertu, urez garbitzen diren margoketek

harrian (eta herrian) arrasto sakona uzten dutela?

Ez al duzue ulertu loreak moztu daitezkeela,

Baina udaberria ezin dela gelditu?

Ez al duzue ulertu, kale poeta eta margolariak

ezin direla isildu?

Ez al duzue ulertu, horma zuriak maite dituzuenok,

ez dela horma zuririk existitzen?”

Eneko Barberenaren poema honek oso ondo islatzen du zer gertatzen ari den Zornotzan. Garbiketa ordenantza baten aitzakiaren bidez adierazpen askatasunaren kontrako erasoa sufritzen dugu gure herrian, batez ere herri mugimenduak.

Egunero , asteko zazpi egunetan herri mugimenduak jartzen duen edozein kartel, informazio, pankarta, etab. kentzen dituzte, aldi berean kartelak jartzeko zeuden panel guztiak kendu dituzte.

Zer edo zer egingo dugu adierazpen askatasunaren aurkako eraso honen aurrean edo berriro geratuko gara whatsapp batzuk bidaltzen salatzeko eta iraultza zibernetikoa egiten?