Iberdrolak hainbat zuhaitz desjabetu eta moztu ditu Larran, aurretiazko jakinarazpenik gabe

Iberdrolak bost zuhaitz erauzi zituen Larra auzoan, martxoaren 25ean. Gaur egun, herriarena den lur eremuan eman zen zuhaitzen mozketa. Hiru platanondo eta lizar bi bota zituzten. Bizilagunek harriduraz eta tristuraz ikusi zuten ebaketa. Gainera, ekintza hori aurretiazko jakinarazpenik gabe burutu dute, Udal Gobernua bera ere ezustean harrapatuta.

Herriaren ondare izan diren zuhaitzak desjabetu eta moztu dituzte, herritar askok aisialdirako, maiz, erabiltzen duen lur eremu batetik. Izan ere, itzala eman eta ingurua atseginagoa egiten zuten.

Iberdrola, mozketak egiteko, oinarritu da airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko preskripzioak ezartzen dituen 2011ko martxoaren 8ko ebazpen batean eta 2018ko ekainaren 25ean udalean aurkeztutako proiektuan. Hala ere, ebazpenak lehen puntuan xedatzen duenaren arabera, Iberdrolak desjabetzagatiko kalte-ordainak ordaindu beharko ditu.

Ondorioz, EH Bilduk udal gobernuari eskatuko dio kalte-ordainetan jasotakoa lur eremu horretan beste zuhaitz batzuk jartzeko erabiltzea, eta bertako espezieak izatea.

Horrez gain, etorkizun hurbilean egingo den haurrentzako parkearen lanak baliatzea, zuhaitz hauen landaketa proiektu horretan txertatzeko.