Indar bilketa ezker ildotik

Juanjo LegorburuIndar bilketarako zerrenda bateratuaren egitasmo ideia ez da gaur goizekoa, baina izendatu bakarrik ez, landu behar dira gauzak, egoerak… Dena den, ez dago eraldaketarik hasi aurretik utopia izan ez denik!

Ezker bat, pentsamenduan anitza baina ekintzetan elkartua, egitasmo interesantea litzateke? Baiezkoan nago, baina gakoa da zein norabidea hartzen duen. Akaso halabeharra da, baina ezkerraren hutsegite historikoa da ez duela asmatu pentsamenduan bateratu gabe ekintzetan batera joaten.

Nago, ezinbesteko abiapuntua definizio zehatz eta argian datzala. Bakoitzak, oinarri gisa, haustarrian ipini nahi duen hori argi behar du izan gerora egiten zoazen neurrian forma hartzen doana eta bitartean sortzen. Ezin gara beti leihoan egon hanka-puntetan jarrita, egunsentia noiz erneko. “Definizioa” behar da. Definitu beharra dago eta hortarako hasieran sukalde lana egitea ezinbestekoa izaten da.

Badakigu ezberdinen arteko elkarlana ez dala batere erraza. Izan ere, ez da bakoitzak berezko hori laga behar duenik, baizik elkarlanean eman daitezkeen urratsak eman nahi izatea. Baina hortarako aldagai funtsezkoena gu geuk geure horretan sinestearena litzateke eta nago oraingoz ez dugula sinesten geure indar eta potentzialitatean. Horra hor gure gabezia eta utopiari “topos bat” aurkitu behar izatearena.

Fase berri bat bultzatzeko ateak ireki behar ditugu, aldaketa soziala zein politikoa egikaritzen joan ahal izateko. Horixe baita euskal gizarteak aldarrikatzen duena, ezin baitugu itxaron Estatuak bere erreformatik (hala ematen bada) ekarriko digun horretan.

Eta gero hurbilean, esperantza guztia izan; baina konfidantza horrelako zerbait jadetsi dezakegunik… ez hainbeste.

Ekin diezaiogun lanari.