Indarkeria matxista eta darabilgun lengoaia

Gizartearen hein handi batek pentsa dezake indarkeria matxistaren arazoa nolabait bideratuta egon daitekeela, baina eguneroko errealitateak diosku ezezko borobil bat.  Hainbat arlo jorratzen dira, horien artean esparru teorikoa eta analisiak biderkatzen doaz baina, finean eta modu sakon batean, ulertzeke gaude zergatik ematen den gaitza.

Fenomeno edo gaitz erraldoi bati aurre egiterakoan diagnostiko zehatzena egitea komeni da eta nago, lehentasunetan lehena lengoaiarena dela, darabilgun lengoaiarena, alegia. Nere uste apalean, egun oraindik ez diogu ematen duen garrantzia. Aldaketaren katean lengoaia baita lehenengoko katebegia. Arlo horretan huts egiten badugu kate osoan gaitza txertatuz joango gara eta unean uneko lege zein arauak ez dira izango nahiko, gaitza bera iraulezina egingo baitzaigu.

Lengoaia da pentsamenduak existitzeko modua eta, aldi berean, fenomeno sozial zein ideologikoa da. Lengoaia eta pentsamendua banandu ezinezko uztarria dira ernalketa sozialean, bizitza soziala bera ziurtatu egiten dutelako. Horregatik lengoaiak bere biziko garrantzia du egoki ez diren pentsamendu urratsak eteteko, gehiagora joan ez daitezen.

Uste dut hedabideetan ez dutela (dugula, sare sozialak ere komunikabideak baitira) insistentzia nahikorik ipintzen. Ez dut esan nahi hedabideek bere diskurtsoa zabaltzerakoan egoki jorratzen ez dutenik, baizik norbanakoak erabili behar duen lengoaiari insistentzia gutxi egiten diogula. Esan nahi dut oso garrantzi askokoa dela norberak lagunartean darabilen lengoaia, batez ere gizonok. Lehendabiziko katebegi hori iraultzen ez badugu, legeek zein araudiek gutxirako balioa izan dezakete.

Hain entzutetsu gertatzen ari den Iruñeako epaiketan gertatu den bezala, emakumeek hauxe salatu dute: “Jendartean, erraietan dagoen matxismoa azaleratu nahi izan dugunean, zalantzan jarri dituzte gure hitzak”. Zer nolako lengoaia eraiki daiteke erasotuaren hitzak kontutan hartzen ez direnean?

Diskurtso eta praktiken arteko desorekari egokitasun minimo bat bilatu behar diogu. Ez baita nahiko muturreko egoera bat begi aurrean dakusagunean nolabaiteko erantzuna edo jarrera bat izatea. Egunerokoan lengoaia aldatu beharrean gaude, pentsamenduaren sormena edukazioz mamitu, norbanakotik “gu”-ra jauzi egin, gaitz erraldoi hau denona baita. Horretarako, euskaldunok hain ohiko dugun auzolana behar beharrezkoa da, astiro bada ere, gizartetik erauzi nahi badugu erraietaraino sartuta dugun orbana.
Berdintasunaren aldeko literatura sortu, denoi ulerterraza egingo zaigun lengoaiaz txertatuz, mutil gazteak indarrarekin eta boterearekin obsesionaturik hazi ez daitezen sentimenduz beteriko pertsonak baikara, gero hauek ahalik eta modu naturalenean ager daitezen. Amaitzeko, aldatzeko premia, baten batek badu, horiek gizon helduak gara.