Instituzio eta herritarren arteko alkarlanean sakondu behar da urrats handiagoak emoteko

JuanluDeigarria da Zornotzako Udaletik euskararen aldeko kanpainak egiten dabezala, Udala bera danean egundoko gabeziak daukazana. Esate baterako, Nafarroako Zentroaren azpiko aparkalekura doan igogailuaren ahotsa, espainolez, edo Udaletik jatorkun uraren faktura, edota Hirigintzaren plangintza barria egiteko kultur alkarteei bialdutako idatziak… Herritarroi eskatu jaku konpromiso batzuk hartzea, baina, Udalak non ditu bere konpromisoak? 

Udalak joan dan legegintzaldian azterketa linguistiko bat bultzatu eban eta enpresa bat kontratau zan horretarako. Udalari galdetzen deutsat, non dago haren jarraipena? Zertan da orduko lanaren konklusioen aplikazioa? Zerbait praktikoa egin ete da lan hartan oinarrituta?

Neure aldetik, proposatu neban egoera ikusita lehentasunak zehaztuko ebazan lan-talde finkoa baina irekia eratzea. Lan-talde honek ikuspegi transbertsalaz eta errealismoz jokatuko eban, adostasun-marko anitzak bilatuz, beti be helburu lorgarriak ezarriz.

Beraz, nire aldetik, eskeintza edo proposamen konkretua berresten dot:

– Euskararen inguruko lan-talde finkoa eta irekia sortzea, alegia udal teknikariek eta herritarrek osatutako alkargunea, bileren egutegia ezarriz eta kideen arteko harreman estua bultzatuz, alkarri entzun ondoren, lehentasun gauzagarriak martxan ipinteko.

Ondo dago bakotxak bere bideari tinko eustea, eta, noski, nabarmentzekoa da hainbat herritarrek egiten daben lana sektore desbardinetan, baina, beharrezkoa, ezinbestekoa ikusten dot koordinazioari eta alkarlanari berebiziko garrantzia emotea. 

Aukera izugarriak daukaguz Zornotzan euskararen normalizazioaren bidean aurrerapauso ederrak emoteko. Beraz, arduraz jokatu daigun.

Bide horretan, dei egiten deutsiet Udalaren Euskara Zerbitzuei herritarrakaz, orokorrean, baina, bereziki, eragile sozial eta kulturalakaz, helburu honegaz bilera bat egin daigun.