Internet bidez egin ahal da aurretiazko izen-ematea udal kirol zerbitzuetan

P1000134Ametx erakundearen webgunean kontsultatu ahal izango da kirol eskaintza eta, oraingoz, aurretiazko izen-ematea Internet bidez egitea ahalbidetuko dute, Larreako kiroldegira joan gabe. Epe laburrean, on-line bidezko zerbitzua zabaltzea da asmoa.

 

 

Udal kirol zerbitzuak erabiltzeko Internet bidezko tramitazioa ezartzen hasi da Ametx erakunde autonomoa, ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Erabiltzaileek ikastaroen eskaintza ikus dezakete www.ametx.eus webgunean eta, oraingoz, aurretiko izen-ematea gauzatu ahal izango dute, Larrea kiroldegira joan gabe.

Herritarrek egindako eskaerari erantzunez jarri dute Internet bidezko tramitazioa egiteko aukera.

Luze gabe, eta kirol zerbitzuen erabiltzaileei ahalik eta erraztasunik handiena emate aldera, sistema berbera erabili ahalko da instalazio eta espazioen erreserbak eta ordainketak gauzatzeko ere.