Irailaren 11n epaituko dituzte Ziztada Gune Askeko 7 zornotzarrak

ZiztadaZornotzar horietako bi Ertzaintzak identifikatu zituen, baina gainerako bostak “aurpegia eman ez duen bizilagun batek” salatu izana deitoratu dute. Irailaren 11n deklaratu beharko dute Durangoko epaitegian, usurpazioa egotzita. 09:30ean elkarretaratzea egingo dute Durangon. 20:00etan manifestazioa izango da Zornotzan.

Zornotzako Luis Urrengoetxea kaleko lokal abandonatua okupatzeagatik salatutako zazpi zornotzarren kontrako epaiketa datorren irailaren 11an izango da, Durangoko auzitegian.

Egun horretarako bi mobilizazio deitu dituzte. Goizeko 09:30etan elkarretaratzea egingo dute Durangoko epaitegiaren aurrean (Ezkurdi parkean) eta iluntzean, 20:00etan, manifestazioa izango da Zornotzan, Erreferendum plazatik abiatuta.

Horrez gain, ostegunean (irailak 10) kontzertu akustikoa (Iratxe eta Eneko) antolatu dute Ziztada Gune Askean, epaiketak eragingo dituen gastuei aurre egiteko dirua biltzeko asmoz.

Asanbladak berretsi egin du jabearen jarrera ulertzen ez duela, hasieratik berarekin akordio batera heltzeko helburua izan dutelako. Bestalde, gogora ekarri dute zazpi auzipetuetatik bi baino ez zituela Ertzaintzak identifikatu eta, beraz, “gainerako bostak aurpegia eman ez duen zorntzar batek” salatu izana deitoratu dute.

Hona hemen Ziztada Gune Askearen oharra, oso-osorik:

Pasa dan maiatzaren 23an Zornotzako Luis Urrengoetxea kaleko lokal bat okupatu gendun, herrian faltan botatzen gendun proiektu autogestionatua martxan jarri gura gendulako. Eta okupazioa burutu bezain laster, jabearekin kontaktuan egon gara eta gure asmoa beti akordioetara heltzea izan da.

Halan da be, jabeak salaketa jarri eban gure aurka eta egun 7 gazte gaude inputatuta usurpazio delituagaitik, gutako bi Ertzainak identifikatu gintuen lokalean bertan eta beste bosti zitazioa zuzenean heldu jaku etxera, inork lehenago identifikatu barik. Ondorioz, irailaren 11n 7 inputatuok deklaratzera joan behar dogu Durangoko Epaitegira.

Ez dogu ulertzen jabearen portaera, bere herrikideei salaketa jartzea eta honek ekar leikezan ondorio guztiak (zigorrak eta 120tik 1.800 eurora bitarteko isunak, …). Eta are gutxiago ulertzen dogu 5 gazteren izenak azpikeriz, aurpegia emon barik, salatu dituen salatariaren jokaera. Izan be, zazpitik 5 gazteren izenak salatari batek eman ditu. “Eskerrik asko, benetan!!! Guk be maite zaitugu!!!”

Esan behar dogu, lokala aspalditik egoala abandonatuta, 10 bat urte; eta oso zikin eta egoera txarrean egoan. Guk dana garbitu dogu, apurtuta egoana konpondu eta egoera onean mantentzen dogu. Lokala berpiztu, erortzeko arriskutik libratu eta ziztadaz ziztada bizia eman deutsagu.

Ziztada gune askeko asanbladak okupazioa guztiz zilegi ikusten dogu eta zilegi ikusten dogu hutsik egoan espazioari erabilera soziala ematea. Horregaitik, ekintza kultural autogestionatuak eta merkatutik kanpokoak antolatzen jarraituko dogu, sikatuta egoan erlauntza eztiz blaitzera gatoz! Eta hasita gauz jada, 2 hilabete eskasean, hitzaldiak, dokumentalak, ikastaroak, aldizkari bat… antolatu ditugu eta gure nahia salaketen
gainetik bide horretan jarraitzea da.

Amaitzeko, guztiok animatu gura zaituegu Ziztada Gune Askean parte hartzera, eta hemendik deialdi bat egiten dogu datorren irailaren 11n epaiketaren aurka eta ziztada proiektuaren alde egingo diren mobilizazioetara:

Goizeko 9:30ean Durangoko epaitegiaren aurrean. Ezkurdi parkean.
Arratsaldeko 20:00etan Zornotzako Erreferendum plazan.

Ziztadaz ziztada gune askeak eraiki eta hedatzen jarraituko dogu!

ZIZTADA GUNE ASKEA