Irantzu Zabala: “Urtarrilaren 13ko mobilizazioa batzuen kontzientzia astintzeko ondo dator, egoeraz jabetzeko beharrezkoa da, baina ez dut uste hortik ezer irtengo denik”

Irantzu Zabala zornotzarra Gorka Palacios durangarraren bikotea da. Alaba bat dute: Naia. Gorka preso dagoen urte luzeetan, sakabanaketa politika Irantzu eta Naiaren bizimodua baldintzatzen ari da. Egun hilabetean behin ikusten dute Gorka.

Gaur egun Saint Maurreko espetxean dago, eta 2018an beteko du Frantzian ezarri zioten zigorra, baina Espainiara entregatua izateko arriskua dago, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa ezberdinetan ezarritako zigorra bete dezan: 30 urteko espetxe-zigorra, hain zuzen ere.

1.- 20 urte baino gehiago igaro dira Gorkak etxetik ospa egin zuela. Erbesteak eta espetxeak batu eta urrundu zaituzte azkeneko hamarkadetan… beste balorapen batzuetatik harago, zer eragin dizu gehiago, dakizuenaren gogortasunak (espetxeak) edota ezjakintasunaren mehatxuak (erbesteak)?

Oso desberdinak dira biak. Alde batetik kartzelan egoteak zuri, senide bezala, segurtasuna ematen dizu, nahiz eta presoa bertan ondo ez egon, badakizu non dagoen, noiz ikus dezakezun eta berarekin hitz egin dezakezula.

Hori guztia ihesaldian ez daukazu, ez dago komunikaziorik, ez dakizu non eta nola egongo den. Baita bikote bezala ere, niretzat askoz gogorragoa da ihesaldiko bizitza, norberak badakielako zer sentitzen duen, baina ez daki besteak zer sentitzen duen. Kalean beti hobeto egongo da.

2.- Paris, Gorkaren lehen espetxealdiaren kokagunea. Paris ere, artisauek eta eragile ezberdinek deitutako martxarena. Errepresioaren abiapuntua lehena… bigarrena konponbidearena dela esango zenuke? Ipar euskal herritik Frantzia osora hedatu den bake eta konponbiderako mezuak, hego Euskal Herrian ere indarra hartuko duela uste duzu?

Ez, azken aldi honetan Ipar Euskal Herrian oso aktibo ikusten ditut, eta Hego Euskal Herrian alderantziz,lokartuta edo, nahiz eta duela gutxira arte egoera kontrakoa izan. Baina azkenaldian, Ipar Euskal Herriak aurrea hartu du arlo askotan.

3.- Gorkak 14 urte inguru daramatza kartzelan. 2018an estatu espainiarraren eskuetan utz dezaketela aurreikus daiteke, bertan ezarri zioten zigorra bete dezan. Frantziako agintarien eta Espainiakoen jarrera zein den aintzat hartuta, nola ikusten duzu etorkizun hurbila?

Apirilean Frantziako kondena bukatu, eta Espainiara etorriko da eta bertako espetxeren baten geldituko da. Ez dut aldaketarik ikusten, espetxean jarraituko du.

4.- Gurasotasuna albiste ederra izanik bestelako ardurak eta beldurrak eragiten ditu, are gehiago zuen egoeran. Nola eragin dizue bada Naiaren jaiotzak eta azken urteetan berarekin egindako bizi ibilbideak?

Bizitza aldatu egiten da, ardura gehiago dituzu. Ni, adibidez, orain beti joaten naiz alabarekin bisitara, ordu asko dira errepidean, eta bidaiak egiteko orduan gauza asko aldatzen dira.

5.- Eta Naiari gurasoekin egindakoa?

Naiarentzat aita bisitatzera joatea dena da, oso pozik joaten da. Baina egia da aldaketak egon direla urteak aurrera doazen heinean, orain nagusiagoa izanik, pozik joaten jarraitzen du, baina galderak egiten ditu, ea aita noiz etorriko den etxera, eta horrelakoak. Guza asko ez ditu ulertzen.

6.- Amatasuna, lana, harremanak… Irantzuren bizitzak zer du gozoz eta zer gaziz?

Umea izan dudanetik lana, umea eta bisitak kenduta, atsedena baino ez dut hartzen, ez dut gehiagorako astirik. Asko aldatzen da bizitza, ingurukoak eta lagunak gertu ez badituzu, eta beraien egoera desberdina bada, planak ez datoz bat, eta zailagoa da ikustea.

Baina, bestalde, gozoa da amatasuna, gehien maite duzun zure alaba duzulako. Oso polita imajinatzen duzu baina ez da imajinatu bezalakoa, lan asko egin behar da. Gauza on eta txar asko ditu.

7.- “Motxiladun umeak” dituzten beste gurasoekin harremanak dituzue? Kasuistika berdina izanik, egoerak, umeen jarrerak edota ingurukoenak berdinak dira?

Guk ez dugu harremanik. Beti bakarrik bidaiatzen dugu, eta ez dago beste umerik kartzela horretara doanik, beraz, Naiak bere aita kartzelan dagoen sentsazioa baino ez du ezagutzen. Kasu pertsonala balitz bezala, eta ez kolektiboa, beste ume batzuek ere bizi dutena.

Beste umeekin harreman gutxi dugu, ez dira presoen familia zuzena, lagunen seme alabak izaten dira, eta horiek han beti pozik daude, ez dute motxila bera.

8.- Naia laster, “motxiladun umea” izatetik “motxiladun neskatoa” izatera pasako da. Urteak aurrera joan ahala, alabarekin kudeatu beharreko egoerak zaildu edota hobetuko direla uste duzu? Umeak txikitan duen ezjakintasun puntu horrek onurak ekartzen dituela alegia?

Bai, txikitan ez dira hainbeste ohartzen egoeraz. Baina orain galderak egiten hasi da, eta askotan, nik neuk ere ez dakit zein den erantzuna, adibidez, noiz etorriko den etxera eta horrelakoak.

Gainera, bere bizitza aurrera doa, eta gauza gehiago egiten ditu, ez da soilik urtebetetze batera ez joatea aitarenean egoteagatik. Esaterako eskolako argazkiak, gehienetan ostiraletan ateratzen badira, bera argazki horietan ez dagoela konturatzen da. Askotan ez ditu besteek egiten dituzten gauzak egiten, aitarengana joan behar delako.

9.- Urtarrilaren 13ko ekimenari dagokionez, beste ekimen bat gehiago dela esango zenuke, edo zerbait garrantzitsuagoaren abiapuntu?

Niretzat mundu guztia doan ekimena da, eta etxera pozik bueltatzen gara, baina beste bat gehiago da. Batzuei oroitzapena mugiarazteko ondo dator, egoera ikustarazteko beharrezkoa da, egoeraz jabetzeko, baina ez dut uste bertatik ezer irtengo denik.