Iruñeko Auzitegiaren erabakiaren aurrean bere desadostasuna adierazi du Zornotzako udalbatzak

2016ko sanferminetan gertatu zen taldekako bortxaketaren auziaren epaiaren aurrean desadostasuna agertzen duen adierazpen instituzionala onartu du Zornotzako udalbatzak., erabakiak eragiten duen “etsipena” azpimarratuz. Justizia eskatzen dutenekin bat egin dute udal taldeek. 

EH Bilduren ekimenez, Zornotzako udalbatzak adierazpen instituzionala onartu du 2016ko sanferminetan gertatu zen taldekako bortxaketaren auziaren epaiaren aurrean desadostasuna adierazteko.

Lehenik, Udalaren eta herriaren izenean, babesa eta elkartasuna agertu diete biktimari eta haren senide eta lagunei.

Nafarroako Auzitegiak emandako epaiarekin ados ez daudela azpimarratu dute eta, “bereziki, gertakariak jarraiko sexu abusutzat hartzearekin”. Sententzia errekurritu behar duten erakundeei babesa agertu die udalbatzak.

Auzitegiaren erabakiaren aurrean “etsipena” adierazita, justizia eskatzen dutenekin bat egin du udalbatzarrak.

Era berean, emakume guztien askatasuna aldarrikatu dute eta, gogoratu dute “Amorebieta-Etxano inongo eraso matxistarik onartzen ez duen herria dela”.

Azknik, Udalak “berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde eta patriarkatuaren adierazpen guztien kontra lan egiten jarraituko duela” adierazi dute. Horretarako, gizarte eragile, talde feminista eta herritarrekin elkarlanean arituko dira.

20.00etan, kazerolada

Udalbatzak onartu den adierazpen honez gain, Talde Feministak deituta, gaur 20.00etan kazerolada egingo da Urgozon Auzitegiaren erabakiaren aurrean haserrea adierazteko.