Ixerreko bizilagunek auzoa eraberritzeko Udal Gobernuaren planaren aurkako hainbat alegazio aurkeztu dituzte

Ixerreko urbanizazioaren infografia. Argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala

Bizilagunak kezkatuta daude, besteak beste, Larreako bidegorria egiten denean ibilgailuen zirkulazio guztia auzo horretatik igaroko delako. EAJren Udal Gobernuak atzera egin du eta bidegorriaren proiektua aztertuko duela jakinarazi die Ixerreko auzokideei.

EAJren Udal Gobernuak Ixer eraberritzeko iragarri duen proiektuak haserrea eta kezka handia eragin du auzo horretako bizilagunen artean. Laburbilduz, arrazoi nagusiak bi dira: aparkatzeko leku falta eta Larreako bidegorriak auzoan izango duen eragina.

Izan ere, bidegorria egiten denean, Larreatik herrigunera doazen ibilgailu guztiak Ixerretik igaroko dira -Luis Urrengoetxea kalea norabide bakarrekoa izango da- eta urbanizazio plana aurkezterakoan datu hori ezkutatu egin dietela uste dute bizilagun askok.

Horrela, bada, herritarrak antolatu egin ziren, ehunka sinadura batu eta Ixerreko proiektuaren kontrako hainbat alegazio aurkeztu zituzten azaroko lehen astean. Eta orain EAJren Udal Gobernuak atzera egin du. Bizilagunei eskatutako azalpenak emateaz gain, Larreako bidegorriaren proiektua berraztertuko duela erabaki du.

Ixer eraberritzeko proiektuarekin gertatu denak agerian uzten du EH Bilduk betidanik defendatu duena: horrelako egitasmo handiak herritarren parte-hartzearekin batera landu behar dira. Hirigintzako obrak herritarren beharrizanen arabera egin behar dira eta horretarako ezinbestekoa da aurrez herritarren iritziak jasotzea, haien beharrizanak eta kezkak zeintzuk diren jakiteko.

Larreako bidegorria egitea EH Bilduk bultzatutako ekimena da. 2016an egin genuen proposamena udaletxean, auzo horretan ibilgailuen zirkulazioa murrizteko eta mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera sustatzeko asmoz. Eta iazko ekainean onartu zen proiektua aurrera eramatea, udal-talde guztion babesarekin: EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE.

Nolanahi ere, eta gure printzipioari jarraituz, EH Bilduk begi onez ikusten du bidegorriaren egitasmoa aldi baterako gelditzea eta berriro aztertzea. Ixerreko bizilagunen iritziak eta kezkak zeintzuk diren badakigu eta horiek kontutan hartuta alternatibak bilatzen ari gara jada.