Jai parekideak denon artean, denontzako

ZaloaHerrietako jaiak hasi dira jada, kaleak hartu eta egindako lanaren ondoren ondo pasatzeko eta disfrutatzeko merezitako garaia.

Halere, denok ez ditugu aukera berdinak jaietan modu lasaian eta askatasunean  parte hartzeko eta gozatzeko.

Emakumeon kasuan, patriarkatuaren itzal luzearen ondorioz, jaietan, hitz , keinu, ekintzazko erasoak, edo eta gaizki deituriko alde bakarreko “ligoteoaren” versus jazarpenaren ondorioz, gure askatasuna mugatzen dituzten jarrerak areagotzen baitira.

Zornotzako jaiak oraindik urrun badaude ere, eraso sexistarik gabeko jai parekideak eraiki nahi baditugu, gaurdanik hauen prestaketan arreta berezia jarri behar dugu.

Gure herriko jaietako programak eta ekintzak emakumeok pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea lortu behar dute,  ondoren kalteak salatu behar ez izateko.

Eta nola egin dezakegu hau?

ANTOLATZAILEAK, nortzuk, zelan eta zergatik hartzen duten parte ekitaldi, lehiaketetan eta ekintzetan hausnartuz eta guztiontzako jai programak eraikiz.

Espazio publikoak, kaleak, parkeak , plazak, garraiobideak, komunak , nork, zelan, zertarako eta zergatik erabiltzen diren kontuan hartuz. Eraso sexistarik ahalbideratuko ez dituzten guneak eraikiz eta denok beldur barik eta lasaitasunean egongo garen giroa sortuz.

Neurri hauek guztiak hartuak ere, zoritxarrez erasoak gertatuko balira, hauek detektatzeko eta hauei aurre egiteko herritar orori zein bereziki emakumeoi bitartekoak eskainiz.

NORBANAKOAK, gure hitz eta ekintzen jabe izanez.

Ezetz esaten badizute, egin kasu eta sinetsi ez duela zurekin hitz egin, dantzatu edo beste ezer egin nahi.

Ez erabaki besteek zer nahi duten, eta ez erabili keinu, begirada edo eta hitzik zure jokabidea eta ekintzak justifikatzeko.

Elkar lagundu, babestu eta ez parte hartu irain eta eraso kolektiboetan.

Portaera sexistak bistaratzen eta salatzen lagundu, tolerantziarik ez, inpunitaterik ez, konplizitaterik ez eraso sexisten aurrean!

GUK, beldurrak gainditzeko autodefentsa feminista. Gure buruengan dugun ziurtasuna handitu eta gure gaitasunetan sinistu. Erasotzen bagaituzte, defendatu beharra dugu, baina norberaren defendatzeko gaitasuna trebatzearekin batera, emakumeok antolatu, gure artean babestu eta espazio komunak eraikitzen jarraitu behar ditugu.

ZUEK, errespetuzko jarrera hauek izateko zailtasunak badituzu, alegia,  denon artean, denontzat eraikiko ditugun Euskal Herriko jai parekideak atsegin ez badituzue, ETXEAN GELDITU!