Jaiak

Unai-Ormaetxea3Bateko edo besteko, honegatik edo horregatik, aurten gutxitan lez zapaldu ditut jai eremuak beraz, poetikarik ez dakarte hitzok, denon ahotan dagoen jai eremuaren gaineko hausnarketa zoli bat baizik; herdoilaren ajeak.

Aspaldi gai-jartzaile aritu gabeko bertso saioari -antzina bezala, ez pentsa- kolorea jartzen saiatzeaz gain, ta lehen egunean -aspaldiko taldeaz ere- kantatzeaz gain, ikusi ditut bestelako kontu ta kantuak. Eta ez dut urrutira joko nahi dudan adibidea mahai gainean jartzeko.

“Larunbata da, arratsaldeko zazpiak Zezengorriren lokalean. Koadrilak urteetako ohiturari jarraiki kontzertua eskaintzen du, herri osorako ateak zabalik dituelarik. Edariak fresko eskuragarri kanpoan zein barruan; borondatea baino ez borondate askoz gehiagoren truk. Exumen garaiei jarraiki hard-rocka da eskaintza, gehiago edo gutxiago gustatu, lagunarte eredugarrian eskainia; txapo”.

Jai ereduetatik harago -txosnetako turnoak, adibidez- bakoitzaren edo hobe esan, koadrilen, lokalen eskutan borondaterik balego, jaiok ikaragarri aberastuko ziren susmo ukaezina datorkit.

Zenbat gara? Ta zenbat eskaintza ezberdin kabituko ziren formatuan?! Zenbat kolore, zenbat mugimendu, zenbat irrika?!

Jaiak denonak dira? Ba ez gaitezen gora begira geratu, egin ditzagun ta punto.

Iraultza guztietan legez gazteak dira hauspo; helduak euskarri.

Hitz egin dezagun, ta labur edo luze geratu ber hitz-egin. Birmoldaketa konstantea da bizitza -udaletxeak edo botere eremuak hortaz gutxi jakin nahi izaten duten arren- ta garaien garaian bizi nahi dugu gehienok. Egin dezagun ba garaia garaiz desfasatuak bizi nahi ez badugu Zezengorrik herri gorri bat irudikatzen jarraitzen duen jarrera berberaz. Eman diezaiola lagun-talde bakoitzak bere kolorea -ta jai batzordeak bideak- markoaz ardura berezirik izan aurretik.

Zorionak jaietan -batean zein bestean- borondate truk, musu truk, lan egin duzuen guztioi; izatekotan zuena baita arrazoirik arrazoituena.