Jaiei buruzko galdeketan alkateak hartutako jarrera «partidista eta elektoralistak» kezka eragin du

Jai ereduari buruzko galdeketarekin batera alkateak etxerik etxe banatutako gutunaren ukitu «partidista eta elektoralista» salatu du EH Bilduk, inkesta babestu duten gainontzeko alderdiekin kontsultatu gabe egin izana «errespetu falta handia» dela iritzita.

Udalean erregistratutako idatzi baten bitartez, Zornotzako EH Bilduk kezka adierazi du jai ereduari buruzko galdeketarekin batera Andoni Agirrebeitia alkatearen izenean banatu den gutunaren inguruan. Koalizioak salatu duenez «gutun pertsonalista da, lehen pertsonan idatzitakoa», eta bertan EAJk hauteskunde kanpainan esandakoak dakartza gogora. Beraz, gogor kritikatu dute gutunean ageri dena EAJren alkategaia dela eta ez zornotzar guztion alkatea.

Horrez gain, EH Bilduk azpimarratu du jai ereduaren inguruko hausnarketa alderdi guztien babesa daukala eta, hortaz, gainontzeko indarrekiko «errespetu falta handia» da alkateak egindakoa, gutunaren edukiaren inguruan ez zaielako ezer kontsultatu.

Aurrerantzean, Udalbatza osoaren babesa duten ekimenetan ere, alkatearen izenean joan daitezkeen idatzi, eskakizun eta abarren aurrean «mesfidati» agertuko da EH Bildu.

Horregatik guztiagatik, zuzenketa publikoa eskatu diote alkateari.

Nolanahi, herritarren parte hartzea hauteskunde garaitik kanpo ere lantzea erabaki duenez, mezu bat helarazi nahi izan dio EH Bilduk: koalizioa beti izango dela herritarren parte hartzea ahalbidetzeko ekimenen alde eta, hortaz, herriarekin zerikusia duten beste gai batzuk ere plazaratzeko deia egin dute.