Jausten zaren bakoitzean, altxau!

Urtero ziklo politiko berriari dagokio Politika Orokorreko eztabaida. Bertan, asmo onak zein helburu nagusiak zirriborratzen dira, nahiz jakin egingarriak ez direla. Urtero makropolitika izaten da nagusi; hots, Michelin izardun jatetxea izango balitz  bezala abiatzen da, ziklo bukaeran txiringito bat dirudiena. Antzeko zerbait ari zaio gertatzen Estatutu Politiko berriari: obratzarra izan daitekeen hori, azkenean edozein herrietako enparantzan ezarri daitekeen artezko obra arrunt batean geratzen da.

Konparaketekin jarraituta, antza dutelakoan nago Estatutu Politiko berriak eta AHT-ko obrak. Badirudi batak zein besteak atzerapena dutela helburu nagusi. Estatutu Politiko berrian, ohiko eta beharrezko eztabaidak eman ondoren eta alderdien irizpide zein posizioak argi daudenean, herritarrei kontsultarik ez zaie proposatu. Eta ez dirudi egingo denik ere.

Aldiz, AHT-ko obrak bidegorri baten gisara buka daitezke, EAJ-tako buruzagi den Andoni Ortuzarrek berak aitortu zuen. Hainbeste txikizio egin ondoren, ezin daiteke katxondeoan hartu, nahiz hainbesteko aldaketa zein atzerapenak horretarako eman. Cadizen, honekin, txirigotak egunerokoak lirateke.

Orain badirudi Autonomia estatutuak duela lehentasuna eta falta diren eskuduntzak bilakatu dira urregorri. Datorren urtea ziklo elektoral oso baten hasiera izango da -Estatu espainoleko hauteskunde orokorrak ere bertan daude-, beraz, pentsa daiteke alderdi bakoitza bere hauteskunde programetan murgilduko dela eta aurretik egondako hitz onak edo balizko negoziaketak helduleku ez hain indartsuetan buka dezaketela.

Akaso hori baino okerragoa izan daiteke PP-k Vox-ekin batera Gobernua osatzen badu. Orduan ordura arte egingarri sumatzen zen hori pikutara joango da. Bada garaia gai hau sakon aztertzeko eta lanean hasteko harresi zibil bat eraikitzen, ahalik eta sendoena, ahalik eta zabalena.

Politika Orokorreko eztabaidan Urkullu lehendakariak “Herri Itunak” proposatzen zituen aurrean dugun testuinguru konplexuari aurre egiteko. Herri itunak bai, baina norberak gidatuta eta horrek ibilbide laburra izaten du, are gehiago arazo nazionala erdigunean ipintzen denean. Herri itunak behar dira baina ez dagoen horri beste itzuli bat egiteko. Noizbait geure indarren zein ahalen konfiantza osoa bistaratuz jokatu beharko dugu Michelin izar bat lortze aldera, horrek adieraziko luke Herri itunetik Herri proiekturako ibilbidea, orduan ondoan izango gaituzte.

Lehia elektorala ate joka dugu dagoeneko, gainera neurri desberdineko hauteskundeak izango dira eta argi beharko genuke izan bozka bakoitzaren balioaz baina baita ere inoiz ahaztu barik badagoela beste borroka molde bat parte hartzean oinarritzen dena, hots: desobedientzia zibilarena, batzuetan oso eraginkorra herri egitasmoak aurrera ateratzeko nahiz bere ondorioak eta ordainak ere handiak izan.

Ea Michelin izar bat lortzeko gai garen, gure herriaren zati handi batek eskertuko digu. Aurrean ditugun erronkak handiak dira, testuingurua egonezinez beteta, baina bizitza bera ere dialektika besterik ez da: jausten zaren bakoitzean, altxau!