Jon Idigorasi merezitako errekonozimendua ematea eskatu dio haren familiak Udalari

jon-idigoras-errekonozimenduaJon Idigoras hil zela 10 urte bete direnean, LAB sindikatuko eta Herri Batasunako sortzaile izan zenari “merezitako errekonozimendua” eman diezaiola eskatu dio haren familiak Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Jon Idigorasen ibilbide sindikala eta politikoa ezaguna da Euskal Herrian: Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea izan zen hainbat urtez; Eusko Legebiltzarreko parlamentaria; eta Espainiako Kongresuan diputatua.

Horrez gain, kartzela eta erbestea ezagutu zituen Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz. Atentatu bat ere sufritu zuen Madrilen. Bera onik atera zen, baina, tamalez, Josu Muguruza hil egin zuten.

Irudi gogoangarriak ere utzi zituen Idigorasek, hala nola, Gernikako Batzar Nagusietan, Juan Carlos I.ena Espainiako Erregearen aurrean ‘Eusko Gudariak’ abestu zuenekoa.

Bere azken agerraldi publikoa 2004ko azaroaren 14an egin zuen, Donostian, ezker abertzaleak Arnaldo Otegiren eskutik aurkeztutako ‘Anoetako Proposamena’ deitutako bakerako ekarpenari babesa emanez.

Orain, bere heriotzaren 10. urteurrenean, Idigorasen senideek ezker abertzaleko militante historikoarentzako errekonozimendua eskatu dute. Hona hemen familiak argitaratutako gutuna, hitzez hitz:

jon-idigoras-wikiEz da erreza lerro gitxitan Jon Idigorasen moduko figura handia azaltzea. Halanda be, 2015eko ekainaren 5an, hil zanetik hamar urte bete barri diran honetan, parebako atxakia dogu Zornotzako senide eta pertsona ahiztuezinaren dimentsioa bere lekuan ipinteko.

Familia apaleko semea, 14 urtegaz hasi zan lanean obreru metalurgian eta kartzela goiz ezagutu eban diktadura frankistan, baita exilioa be. LAB sindikatuaren eta Herri Batasunaren sortzaileetakoa izan zan. Mahai Nazionaleko kide 1978tik 1995era bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarkidea 1980an eta 1984an, eta Espainiako Kongresuko diputatua Bizkaitik 1986, 1989 eta 1993an.

Era berean, danon akorduan dago Gernikako Juntetxean Juan Carlos de Borbón Espainiako Erregearen hitzaldia ‘Eusko Gudariak’ kantatuz eten ebenen artean Jon Idigoras bertan egoala.

Ezker Abertzalearen bozeramalea izan zan urte luzetan eta 1989ko azaroaren 20an Madrilen izandako atentatua bertatik bertara bizi eban, Josu Muguruza hilik suertatu zan, Iñaki Esnaola larri zaurituta, baina berak, zorionez, ez eban kalterik jasan.

1997an kartzelan sartu eben Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea izateagaitik eta behin-behineko askatasuna lortu eban gaixotasun larria eukalako.

1999an liburu batean bere memoriak idatzi ebazan, El hijo de Juanita Gerrikabeitia izenburupean.

jon-idigoras-anoetaBere bizitzaren azken urteetan Ezker Abertzaleko “historikoa” konsideratua izan zan. Azken agerraldia Donostian egin eban, 2004ko azaroaren 14an izandako mitinean, hain zuzen be Arnaldo Otegik aurkeztu eban pake proposamenari bere sostengua emonaz: ‘Anoetako Proposamena’ deiturikoa.

Bere bizitzaren zertzelada txiki honeek emonda, esan beharrik ez dago Jon Idigorasek gorputz eta arima, bizitza osoa, zintzotasun osoz emon ebala Euskal Herriaren askatasunaren alde, eta gure Herriaren nortasunaren biziraupena eukala oinarri, helburu eta amets.

Baina, bere inguruko guztiok jakin badakigu, Jon Idigorasen ibilbide sindikalista eta politikoaz gain, persona oso-oso bat dagoala, senide, adiskide, lagun maitagarria eta maitatua, era guztietako jenteak apreziatzen ebana, herrikoia, hurbila, zornotzarron eta euskal herritar guztion bihotzean beti gogoan gorderik iraungo dauana.

Jon, historia egin dozu, eta zornotzarrok, familia eta euskaldun guztiok harro gagoz zugaz.

Gu, bere senideak garan aldetik, Amorebieta-Etxanoko Udalari eskatzen deutsagu Jon Idigoraseri merezidu dauan errekonozimendua emotea.

Zornotza, 2015eko ekainaren 5a

OLYMPUS DIGITAL CAMERAJon Idigorasi 2015eko ekainaren 3ean eskainitako omenaldi xumea.