Jon Irazola (EIPK): "Iheslarien arazoa tamalez ez dago agenda politikoan, eta egoera larria da" | Euskal Herria Bildu Zornotza

Jon Irazola (EIPK): “Iheslarien arazoa tamalez ez dago agenda politikoan, eta egoera larria da”

Jon Irazola Mendikute EIPKren ordezkaria.

Sabin Eubak behin esan zidan: “Iheslaria existitzen ez den pertsona da”. Azkeneko datuen arabera, munduan barrena dauden euskal iheslari politikoak 80-100 dira; asko eta asko 60 urtetik gorakoak, 20 inguru osasun arazo larriekin eta gehienak 30 urte baino gehiago etxetik kanpo daramatenak.

Jon Irazola Mendikute Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko ordezkariarekin luze eta zabal aritu gara “existitzen ez diren pertsona” horiez eta haien egoera larria dela ohartarazi digu: “Exiloa kondena latza da eta iheslarien sufrimendua ezin da banalizatu”.

EIPK-k 2013ko ekainaren 15ean aurkeztu zuen iheslarien auziari irtenbidea emateko bide-orria. Labur esanda, hauek dira gako nagusiak: tortura eta lege antidemokratikoen ondorioz hasitako prozedura judizialak bertan behera uztea; gaitz larriak dituzten iheslarien eta bazterketa egoeran direnen kasuak aztertzea; eta desagertzeei, hildakoei eta bestelako kalteei buruzko memoria lana egitea, berriz gerta ez daitezen.

– Lau urte baino gehiago eman dira ordutik hona. Eman al da urratsik bide horretan? Eta hala bada, zeintzuk dira emandako aurrerapauso horiek?

Lehenik eta behin esan behar da -gure aurkariek kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere- preso, iheslari eta biktimen gaiak baduela konponbidea eta behar duela. Horixe da hain zuzen Aieteko Adierazpenak bere 3. puntuan diona. Nazioartean normaltzat ematen diren parametroen ikuspuntutik torturapean ateratako akusazioek balio gabe egon behar zuten aspaldi.

Era berean, egoera berri honetan -borroka armatua desagertzea, armagabetzea…- legedi bereziaren menpe epaituak izan ziren presoak edo iheslariak libre izan beharko lukete lege arrunta aplikatuko balitzaie.

Lehen urratsa iheslarien arazoa azaleratzea izan da, iluntasunetik argitara ateratzea. Eta bigarrena, legea demokraziaren eta giza eskubideen prismarekin aplikatuz kolektiboaren zati handi bat etxeratzea posible dela. Beste urrats batzuk kolektiboak berak eman ditu 2013urteaz geroztik.

– Auzia konpontzeko bide horretan zeintzuk dira iheslarien kolektiboak emango dituen edo emateko prest dagoen urratsak? Eta marra gorriak?

EIPK oso kolektibo zabal eta anitza denez, eta munduan zehar barreiatuak gaudenez, badugu oinarriko lan bat egiteko: gure artean harremanetan jartzea, kasu bakoitzean bizi baldintzak, egoera juridikoa eta egoera humanoa aztertuz balorazio global bat egitea.

Diagnostiko hori egin ondotik, 2013 aurkeztu genuen etxeratzeko bide-orria gauzatzen hasteko urratsak ematen hasi gara. Horrela, 2014an, denak batera etxeratzeko baldintzarik ematen ez zela baloratuz, delituen preskripzioa zuten iheslariak haien sorterrietara itzultzen hasi ginen. Guretzat askatasun eremuak irabaztea izan da.

Itzultzea pozgarria da baina ez da beti erreza. Familia, lana eta gizarte berri baten birmoldatzea ekartzen duelako. Baina garrantzitsuena da momentuz itzuli ezin direnei buruz informazioa zabaltzea, haien zailtasunen, kezken eta itzultzeko oztopoen berri ematea eta denon artean aterabideak asmatzen laguntzea. Horretan dihardugu eta jadanik 120 iheslari inguru heien sorterrietara bueltatuak dira.

Konponbidea eta elkar bizitza bermatzeko helburuarekin memoria lana ezinbestekoa da. Zentzu horretan kolektiboak aspaldi adierazi du egia plazaratzeko beharra, gertatu denaren egia, gurea eta haiena. Gatazkan sufritu dutenei  eta herriari zor diogu hori.

Marra gorriak ere badira. Aterabideak bilatu nahian ezin dugu gatazkaren izaera ukatu. Hau gatazka politiko baten ondorioa izan da eta da. Iraganean modu bortitz batean gertatu da eta gaur egun ere zentzu batean gertatzen da.

Alde batek armak uztea erabaki baldin badu ere, beste parteak irabazle-galtzaile eskeman segitu nahi du, mendekuaren logikan. Eginkizun horretan eroso sentitzen da eta etekin politikoak ateratzen dizkio. Sufrimenduak (presoak, iheslariak, biktimak…) alde batean segitzen du. Noiz arte? Gu konbentzituak gaude euskal gizarteak egoera honek horrela ezin duela segitu erabakitzen duen arte dela.

– Nola egiten da bere kideak herrialde ezberdinetan sakabanatuta eta ezkutuan dituen kolektibo batean hausnarketa prozesu bat? 2013ko ibilbide-orria zehaztea prozesu luzea eta konplexua izango zen, ezta?

Zinez galdera interesgarria eta bere osotasunean erantzuteko zaila. Herri honen deserriaren azken boladako 5 hamarkadetan ihesari ekin behar izan dioten kideetaz ari gara. Errealitate, belaunaldi, kultura politiko ezberdinak dituzten iheslariak geografikoki barreiatuak daude eta kolektibo horren parte bat klandestinitatean bizi da.

Ez da zinez eztabaida prozesu baten asteburuko kongresu baten eskema. Bi urte behar izan ditugu bide-orria eraikitzeko eta beste urte bat ondotik eman ditugun urratsak zehazteko. Egia esan denek ez dute parte hartu ahal izan guk nahi genukeen neurrian, baina era berean denek gure egin dugu ilusio handiz eraiki dugun proposamena.

Funtsean, belaunaldi eta kultura politiko ezberdinetako kideen artean ados jartzeak eman digu lan handiena. Horri, exilioaren nekeak eta egoera zail bati aterabide bat aurkitzeko sortutako presak gehitu behar zaizkio.

EIPKren agerraldia 2013ko ekainaren 15ean, Biarritzen.

– Euskal preso politikoak zenbat diren, nortzuk diren, non dauden eta zein egoeratan bizi diren jakina da, baita horietako bakoitzaren egoera judiziala zein den ere. Badakigu une honetan euskal iheslari politikoak zenbat diren, non dauden eta zein egoeratan bizi diren?

Lehen aipatu dugu kolektiboa anitza dela zentzu askotan. Munduan barreiaturik egotea antolatzeko zailtasun handiak ekartzen ditu. Baina ez da hori zailtasun bakarra. Egoera juridikoak zerikusi handia du iheslariak kontabilizatu eta zein egoeratan bizi diren aztertzeko momentuan.

Eta zenbait iheslarirengana joatea ere haien segurtasuna arriskuan jartzea da. Izan ere, iheslarien gainean Audientzia Nazionalak bota duen beto juridikoarekin, ‘Dignidad y Justicia’ elkarte paragobernamentalak abokatu talde bat abian jarri du preskribitzear dauden kasuak berriz ireki eta funtsean iheslariak bizi osoko exiliora kondenatzeko. Edo Angel Maria Telleria Uriarte iheslari oinatiarrari gertatu zaion bezala, ihesean 34 urte bizi ondotik, eta ustezko delituaren preskripziorako bi hilabete falta zitzaizkionean Mexikon atxilotu eta Espainiaratu dutenean. Gaur egun 30 urteko kartzelaldia arriskatzen du…

Zailtasun guztiak kontutan hartuta esan dezakegu 80-100 iheslari daudela barreiatuak munduan zehar. Asko eta asko 60 urtetik gorakoak, 20 inguru osasun arazo larriekin eta gehienak 3 hamarkada baino gehiago etxetik kanpo.

Egoerak anitzak dira eta zaila da kasuz kasu aztertzea. Batzuk euroagindu edo estradizio agindupean daude, baina bada iheslari figura berezi bat ere: deportatua. Hogei inguru dira eta garai batean frantses hegazkin militarretan sartu eta Panama, Venezuela, Kuba, Aljeria… bezalako lurraldeetara eraman zituzten inolako garantiarik gabe. Are gehiago, geroago Angel Aldana eta Alfonso Etxegarai Ekuadorren modu basatian torturatu zituzten polizia espainiarrek. Gaur egun linbo juridiko baten bizi dira.

– Egun, iheslari guztiek dute kolektiboaren baimena erbestetik beren herrira itzultzeko?

Galdera zuzena litzateke: iraganean eta orain zein da iheslari batek askapen prozesuari egin diezaiokeen ekarpena? Garai batean -eta oraindik ere- iheslarien kolektiboaren existentzia gatazka politikoaren ezaugarri bat zen munduaren aitzinean. Gatazka politiko eta armatuaren ezaugarri mingarria.

Momentu bakoitzean iheslarien kolektiboak Ezker Abertzalearen estrategiari moldatuz egoerari erantzunak bilatzen saiatu da. Horrela, 1994ko Alternatiba Demokratikoa abian jarri zen arte erresistentzia fase batean ginen eta indar metaketa genuen helburu, ahal bezain egoera indartsuan negoziatu ahal izateko. Zer esanik ez da, gatazkaren ondorioak diren presoen kaleratzea eta iheslarien itzultzea gaia mahai gainean egon behar zuen.

Eskema aldaketarekin, eraikuntzaren perspektiban, iheslarien eginkizuna aldatzen da. Eta gure buruari pausatzen diogun galdera momentu bakoitzean egin dezakegun ekarpena da. Prozesu politikoan beti aktibo izatea.

Zentzu horretan, frantses estatuan egoitz asignazioak apurtu eta munduan diren iheslariak Ipar Euskal Herriratzea urrats bat izan ziren 1995-98 tartean. Era berean, Lizarra-Garazi garaian EHNArekin Hegoaldera bueltatu zirenek ere ekarpen bat egun zuten.

Gaur egun, Aieteko Adierazpenaren eta ondoko gertaera guztien ondotik, EIPK-k etxeratzea du helburu, denen etxeratzea. Zentzu horretan kokatzen da 2013an Miarritzeko bide-orria. Marra gorria baldin badago, hau da: bizi baldintzak hobetzea helburu iheslari batek inolako bermerik gabe itzultzeak besteen -iheslari, militante, familia, herritar…- egoera eta segurtasuna arriskuan ez jartzea. Izan ere, behin Euskal Herrira bueltatuta, torturapean atera informazioek kolektiboko beste kideen geroa eta bizia arriskuan jar ditzazkeelako.

– Presoen kasuan, Foro Sozialak ziurtatu du badagoela baldintza nahikoa eragile ezberdinen artean presoak kaleratzeko ibilbide-orri bat adosteko. Euskal instituzioek, Foro Sozialak eta nazioarteko eragileek badute zuen egoerari buruzko diagnostikorik eginda? Eta iheslarien arazoa konpontzeko planteamendu zehatzik?

Guk egin dugun diagnostikoa -juridikoa, humanoa, osasuna, bizi baldintzak…- ia osatua da eta beste eragileekin partekatzen hasiak gara. Arazoen artean, ACNUR erakundeak eta Europako Batasunak  ez gaituztela errefuxiatu politiko gisa ezagutzen. Euskal gatazkan bitartekari izan direnek izan dute gure egoeraren berri baina ez dugu deus zehaztu diagnostikoa guztiz bukatu arte.

– Iheslarien kolektiboak badu harremanik edo komunikazio kanalik euskal instituzioekin, Foro Sozialarekin edota nazioarteko eragileekin?

2014an etxeratzea abiatu aitzin alderdi politikoekin kontaktuak izan genituen, balizko errepresio erreakzio baten aitzinean babesa segurtatzeko. Instituzioekin ez dugu harremanik oraindik. Foro Sozialeko kideekin lehen kontaktu bat izan dugu joan den azaroaren 2an Ficoban eta harremanetan segitzea adostu dugu.

Iheslarien egoeraren arazoa ez dago momentuz zoritxarrez agenda politikoan. Alta beharrak eta egoera larriak hor daude.

EIPKren agerraldia 2014ko martxoaren 22an, Arrangoitzen.

– Behin Sabin Eubak ondokoa esan zigun: “Iheslaria existitzen ez den pertsona da”. Eta Martin Akaiturrik, Iñigo semea kartzelan zegoela, beste hau: “Guk behintzat badakigu semea non dagoen, astero hitzegiten dugu berarekin eta bera ikustera joan gaitezke”. Bakarrik zaudetela uste duzue? Gatazkaren konponbidean euskal instituzioek, alderdiek eta euskal gizarteak berak albo batean utzi zaituztetela uste duzue?

Iheslarien kasua guztiz apartekoa egin dugu denek. Herri mailan esaten zen: bi harrapatu dituzte eta batek ihes egin du -libratu da-! Esaldi horrek errealitate asko gordetzen ditu. Alde batetik suposatzen da exilioan egon diren edo dauden guztiak erakundeko militanteak direla kasu guztietan, eta hori ez da horrela. Elkartasunez gau batentzat atea ireki duenak exilioaren bidea hartu behar izan du kuartelean tortura ekiditeko. Edo gazte erakunde baten kide izateagatik, edo 18/98 sumarioan sartua izateagatik, edo…

Exilioa berez kondena latza da. Bizi molde batekin haustura -lagunak, familia, lana, herriko giroa…-. Mundu berri bat eraiki beharra, egoeraren prekarietateagatik gure bizitzan proiektatzeko ezintasuna, bizitzako gure ametsak -ikasketak, lana, familia eraikitzea, bidaiak…- ad aeternum atzeratzea.

Gure kontrako neurri administratiboak, GAL eta talde parapolizialen ekintzak, asignazioak, kartzela, kanporaketak, estradizioak, euroaginduak, deportazioak… zerrenda luzea litzateke. Ezin dugu sufrimendu hori banalizatu.

Egoera berri honetan “justizia” aplikatu behar dela diotenei exilioa bera kondena fermua dela erantzuten diegu eta euskal gizarteak -biktima eta presoen kasuan bezala- adostasun zabaletara heldu behar dela gure historiaren azken kapituluaren zauriak sanoki itxi daitezen.

Gure aldetik, kolektibo gisa, presoen egoerak lehentasuna zuela pentsatu izan dugu, eta gure irudia lausotu egin dugu, pixkat Euskal Herriko kale eta tabernetan presoen argazkiekin batera iheslarien perfil beltza jartzen zen erara. Baina gaur, 2011tik sei urte iragan direnean iluntasunetik argitara atera nahi dugu.

Ez gara bakarrik sentitzen eta badakigu inork ez gaituela ahaztu. Orain arte iheslarien gaiak lehentasunik ez duela izan da arazoa. Baina badakigu ere gatazkaren konponbidea bere osotasunean hartu behar dela edo bestela ez du konponbiderik izango.

Anekdota gisa: Lizarra-Garazi garaian Aznar jaunak etxeratzeko gomita egin zion berak hautatutako iheslari multzo bati eta lana ere topatuko ziela esan zuen. Iheslari kolektiboaren erantzuna argia izan zen: inork ez digu aginduko zer egin behar dugun eta ahal dugun neurrian guk erabakiko dugu noiz eta zein baldintzetan itzuliko garen

– Eta ezker abertzaleak zuenganako izan duen papera? ATA talde disidenteak presoak eta iheslariak bazterrean utzi izana leporatu izan dio, beste gauza batzuen artean, ezker abertzaleari.

Agian memoriak ez du hainbestetarako ematen baina kolektibo honen eguneroko zereginetan zein eraso bortitzak sufritu dituen bakoitzean familia, lagun eta ezker abertzaleko egitura eta militanteak gurekin izan ditugu. Hemeroteketara joatea besterik ez dago.

Atzerri urrunean isolamenduak elkartasun eta laguntzarako sortzen dituzten zailtasunek ez gaituzte eraman behar inpotentzia sentsazio hori orokortzera. Ezker abertzalea egon da, dago eta espero dugu egongo dela gurekin, besteak beste gu ere ezker abertzalea garelako. Afirmazio hori ez jakintasuna edo fede txarra da, baina beti larria da.

– 2016ko apirilean hil zen Angelin Aldana Venezuelan. Ospitalean ukabila altxatuta agertu zeneko irudia datorkit burura. Nola gogoratzen duzue Angelin?

Angelin Ipar Euskal Herrian ezagutu dugunok euskal militante peto-petoa bezala gogoratzen dugu. Pertsona bezala sanoa, leiala, isila, baserri eta euskaldun mundukoa. Frankismo garaian errepresioa jasan izana, diktadorearen oinordekoek inposatu ziguten erregimena onartu ez eta borrokan sutsuki jarraitu zuenetarikoa.

Bizitzak momentu latzak bizitzera eraman zuen -Ekuadorren torturatua, exilioaren mina…- baina beti positiboa izan zen. Venezuelako militante bolivariano batek esan zigun bezala “Angelin iraultzaile euskaldun eredu bat zen… hori erakutsi nahi gabe ere”.