Joseba Asiron: «Aldaketa gizartean sortu zen eta handik instituzioetara pasa zen geroago»

1962an Iruñean jaioa, 2015eko udal hauteskundeetan politika instituzionalerako jauzia egin zuen Joseba Asiron historialari eta irakasleak, bere hiriko EH Bilduren zerrendaburu gisa. 2015-2019 legealdian Iruñeko alkate izan zen, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerrarekin akordioa eginda. 2019ko bozetan, aldiz, ez zen posible izan Aldaketaren Gobernu hori errepikatzea eta orain EH Bilduren taldeburua da Asiron. Alkate gisa bizi eta egindakoez mintzatu gara berarekin, besteak beste.

Denborak ematen duen perspektiba aprobetxatuta, zein da EH Bilduk Iruñeko Udal Gobernuan egin zuen lanaren inguruan egiten duzun irakurketa?
Segur aski oso aspektu ezberdinak aipatu ahalko nituzke, baina gauza guztien gainetik nik bat nabarmenduko nuke: erakutsi dugu badela benetako alternatiba bat. PSN-UPNren gobernuen ohiko txandaketa baino haratago, non politikak mimetikoki errepikatzen ziren agintaldi guztietan, badela gauzak egiteko beste modu bat, eta modu eraginkorra eta zintzoa dena gainera.

Urte batzuk atzera egingo bagenu, pentsaezina litzateke gertatutakoa gerta zitekeenik ere. Zer aldatu da urte hauetan Nafarroan eta Iruñean?
2015-2019an eman den Aldaketa ez da izan horren arraroa, ez da ezusteko bat izan, ikuspuntu soziologiko batetik behintzat. Aldaketa gizartean sortu zen, eta geroago instituzioetara pasa zen.

Orain dela 20 urte, PSNk edota UPNk osatzen zuten gobernua behin eta berriro txandatzen, eta besteak kanpoan geratzen ziren. Geroago, UPNren gobernuak sortu ziren PSNren konplizidadearekin, eta azkenean PSNren parte-hartze zuzenarekin, koalizio-gobernua osatu zuten eta. Azkenean, hura ere ez zen nahikoa izan ezta PSNren laguntzarekin, eta orduan iritsi zen Aldaketa Nafarroako Gobernura eta Nafarroako 20 udal handienetara.

Berriro esanen dut: Aldaketa gizartean sortu zen, eta handik instituzioetara pasa zen geroago.

Aldaketarekin batera, Memoria Historikoaren eremuan edota feminismoan (bereziki eraso sexisten aurkako borrokan) eredu bilakatu zen Iruñea bai Euskal Herrian bai gure mugetatik kanpo. Horrek erakusten al du udalgintzan, dauden mugak egonda ere, uste baino aukera gehiago daudela eragiteko eta gauza aldatzeko?
Noski baietz. Memoria Historikoaren alorrean dena egiteko aurkitu genuen, aurreko 40 urteetan Iruñean ez zen deus egin. Horrek asko erraztu zigun lana…! Eta eraso sexisten aurkako borrokan ere lan handia zegoen egiteko. Honetan ere, gainera, oso nabarmen geratu zen gizartea eta Justiziaren artean dagoen distantzia erraldoia.

Bi kasuetan gure estrategia (eta gure meritu bakarra) zera izan zen: kolektiboen ondoan jarri ginen. Ez aurrean edo atzean, baizik eta ondoan. Haien gidaritza onartu eta eskertu egin genuen. Hamarkadetan zehar Memoria Historikoaren alorrean kolektiboek egindako lanaz baliatu ginen. Eta emakumeen kolektiboekin gauza bera egin genuen, eraso sexisten aurkako borrokari dagokionez: haien gidaritzapean jarri ginen. Hori izan zen gure meriturik handiena. Geroago, egia da, Iruñeko jendartearen erantzuna erraldoia izan zen, eredugarria Estatuko gainerako hirientzako.

Agintaldian egin zenituzten gauza guztietatik, zerk markatu du bereziki Joseba Asiron? Zertaz dago harroago?
Arloz arlo joan beharko genuke segur aski, batzuk aipatu ditugu jada, baina nik aspektu bakar bat aipatu beharko banu, arlo soziala aipatuko nuke. Etxabizitzari dagokionez, adibidez, zeharo abandonatua eta suntsitua zegoen etxebizitzako udal parkean oso interbentzio eraginkorra egin genuen, 130 udal etxebizitza zaharberritu genituen lau urteetan, eta etxerik gabeko familien eskutan jarri genituen. 2019ko udaberrian ia 400 pertsona bizi ziren etxe horietan, okerren pasatzen ari zirenen artekoak gainera. Bestalde, zaharberritzeko lana «Trebatu» programaren bitartez burutu genuen, enpresa txikiei administrazioan lehiatzeko aukera emanez.

Beste aspektu bat etxegabetzeena izan zen. 2015ko ekainean, Iruñean lan egiten duten banketxeetako ordezkariekin elkartu ginen, eta aurpegira esan genien Udalak ez zuela lanik egingo banku etxegabetzaileekin. Eta eraginkorra izan zen. Aldaketaren lau urteetan ez zen Iruñean etxegabetzerik burutu.

Eta, aldiz, zerk utzi zizun aho zapore txarra? Gauzatzeko gelditu ziren gauzetatik, zeinek eragiten dizu «pena» handiagoa?
Aldaketa ez berritzearena, zalantzarik gabe. Beste lau urte behar genituen gauza eta proiektu asko gauzatzeko, eta hori ez da posible izan. Hori izan zen gure (neure) porrotik handiena. Egia bada ere Nafarroa (eta Iruñea) izan dela Estatuko toki bakarra non hiru eskuinak elkarrekin aurkeztu diren, Navarra Suma markarekin (PP, UPN eta Cs). Horretan ere ikusten da Nafarroa 2019an, 1512an gertatu zen bezalaxe, Estatu-afera dela.

Enrique Maya Alkatetzara itzultzearekin batera euskarafobia ere bueltatu da (Pirritx eta Porrotxekin ikusi dugu, esate baterako), bestelako ekonomia eta komertzio ereduan oinarritutako Geltoki proiektua mehatxupean dago… Ze irakurketa egiten duzu honen aurrean?
Enrique Mayak orain arte egin duen gauza bakarra horixe izan da: desmuntatu, suntsitu, Aldaketak egin zituen gauza guztiei buelta eman. Berdintasunean, Memoria Historikoan, Mugikortasun Jasangarrian, Hizkuntza Politikan…

Argi eta garbi bi gauza ikusten ditugu: Lehengoa da Navarra Sumak ez duela programarik, ez duela ideiarik ezta hiri-proiekturik ere. Haien programa bakarra Aldaketaren jarraipena ekiditea zen.

Bigarren gauza zera da: Enrique Maya politikoki ezgauza dela akordioetara lortzeko, adostasunetara iristeko, ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetzeko. Alkate izan zen aurreko agintaldian ez zituen aurrekonturik onartu behin ere, eta 2020 urte honetan ere porrot egin du. Bost urtez alkate izan da, eta bost urteetan aurrekonturik gabe.

Egin zenituzten aldaketetatik, zein arlotan uste duzu ez dagoela atzera bueltarik? Ze aldaketa iritsi zen bertan gelditzeko?
Askotan esan nuen bere garaian: Aldaketa aldaketa izango da atzera bueltarik ez duen heinean. Eta hori aspektu askotan gertatu da. Adibide bat: Enrique Mayak hartutako erabakien artean lehengoetako bat izan zen guk deuseztu genuen dietak kobratzeko sistema ustela berreskuratzearena, 2011-2015 agintaldian egin zuten moduan. Guk esan izan dugu hori gainsoldatak eskuratzeko modu bat besterik ez dela, eta jendarteak bere haserrea erakutsi du, eskandalugarria izan da.  Azkenean, «cautivo y desarmado», Mayak atzera egin du.

Jendea oso sentsibilizatua dago ustelkeriarekin, eta aurreko lau urteetan erakutsi dugu ekidin daitekeela.

Betiko komertzioen desagerpena eta horri nolabait lotuta doan bizi eredu bat aldatzen ari da herri eta hirietan. Kezkatzen zaitu? Zer egin daiteke, esate baterako, udaletatik zentzu honetan?
Noski baietz. Batetik, bertako komertzio txikiak erronka handi bat du XXI. mendera egokitzeko. Hori egia da. Baina egia da ere hemen, Iruñean, azalera handiko merkataritza asko bultzatu zela UPNren agintaldietan. Europa osoan, bakarrik Luxenburgon dute Nafarroan dugun eskaintza baino handiagoa. Eta hori izugarria da. Ohiko merkataritza txikia babestu eta bultzatu behar dugu, pedagogia gizartean eginez, kanpaina instituzionalak egiten, beraiekin estu-estuan lan eginez… Horixe da gure erantzukizuna.

Nola bizi izan zenuen alkatetzatik Maravillas gaztetxearen afera?
Izugarria izan zen. Guk okupaziorako eskubidea beti defendatu dugu, baita gazteen autokudeaketarako esparruen beharra ere. Horregatik martxan jarri genuen, adibidez, Antzara proiektua, Mendillorri auzoan, baita beste auzoetan ere.

Maravillasen kasuan, okupatutako eraikina Nafar Gobernuarena zen, eta ezadostasun handiak izan genituen Barkosen Gobernuak hartutako neurriekin. Gu, Udal bezala, saiatu ginen bitartekaritza egiten, eta eraikin alternatibo bat eskaintzera iritsi ginen, hau bai Udalarena, baina alferrik aritu ginen, eta arazoak bere horretan jarraitzen du. Horixe da tristeena.

Lau indar politiko ezberdinen arteko adostasunak ekarri zuen Aldaketa Iruñeko Udalera eta Nafarroako Gobernura. Iruñean gorabehera batzuk izan zenituzten, baina gai izan zineten legealdiari eutsi eta hainbat gauza egiteko. Zein da gakoa ezberdinen arteko gobernu bat edo legealdiko itun bat aurrera eraman ahal izateko?
Nafarroan gizartea oso zigortua zegoen. Hamarkadetan zehar UPN-PSNren arteko itxurazko txandaketa bat besterik ez zen ezagutu, eta jendartea heldu zegoen aldaketarako. Beraz jendartearen eskakizun handi eta larria zen. Horrek bultzatu gintuen. Eta horrexegatik ere itzuliko da Aldaketa. Egia da eskuinak Navarra Suma markarekin agintea lortu duela Iruñean, haien indar guztiak era antinaturalean elkartuz. Baina gauza bat oso garbi dut: Navarra Suma erregimenaren azken lubakia da, atzean ez dute ezer gehiago. Navarra Sumaren atzean deus ez dago.

EAEn euskal eskuinak agintzen du. Baina hainbat udalerritan EH Bilduk eta Podemosek bat egin dute alkatetza eskuratu, EAJ alboratu eta aldaketa abiatzeko. Herriak ezkerretik eraikitzeko formula eraginkorrena hori dela uste duzu?
EAEn eta Nafarroan egoera oso ezberdina da, Iparraldekoa ere ezberdina den bezalaxe. Baina egoera ezberdinen gainetik gauza bat oso garbi dago: Euskal Herrian gehiengo aurrerakoia dago, eta gehiengo horiek gauzatzea eta instituzioetara eramatea geure erantzukizuna da. Eta gure konpromisoa ere.

Podemosek eta Equok, baina, Lakuako Gobernuaren aurrekontu neoliberalak onartu berri dituzte. Ze irakurketa egiten duzu? Podemosek uko egin dio alternatiba izateari? Horrela bada, ezkerreko gobernuak osatzeko EH Bilduren aliatu nagusiena izan zitekeena betirako indargabetuta geratu al da?
Podemosen erradiografia soziologikoa korapilatsua da, oso konplexua. Hemen adibidez, Iruñean, Aranzadik 2015an mobilizatu zituen bozka gehienak PSNra itzuli dira, erregimenera, eta horixe izan da, botu hutsei dagokionez behintzat, eskuinaren itzuleraren arrazoi handienetako bat. Podemosen mundua anitza da, eta mugimendu bezala ez du Ezker Abertzaleak duen heldutasun politikoa, ezta eskarmentua ere. Baina, zoritxarrez segur aski, Podemosen munduak ordezkatzen duen esparru soziologikoa beharrezkoa da, eta izengo da gerora ere, Aldaketa gure instituzioetara eramateko.