Joseba Etxezarreta: «Burujabetasun politikorik lortzen ez dugun bitartean, bi estatuek jarraituko dute errepresio latza erabiltzen»

Bake Lacasa Joseba MantzisidorJoseba Etxezarreta Mantzisidor 1998an, 47 urte zituela, atxilotu zuen Guardia Zibilak Zornotzako bere etxean eta bost egunez egon zen inkomunikatuta. Galdeketa saio amaigabeetan etengabe kolpatzen zutela gogoratzen du: «ostikoka eta kolpeka etengabe gorputz guztian, buruan, barrabiletan…». Ondoren, hamahiru urte pasa zituen espetxean.

– Nola izan zen zure atxiloketa?
Zornotzan izan zen, goizaldeko lauretan. Bake eta biok lotan geundela, izugarrizko golpea entzun genuen etxeko atearen kontra. «¡Abran a la Guardia Civil!» oihukatzen hasi ziren. Ohetik altxatu, atea zabaldu eta hamabost bat kaputxadun, kalez jantzita, sartu ziren etxe barrura. Hiruk zeukaten aurpegia agerian: epaitegiko idazkaria, guardia zibilen nagusi bizarduna eta atea mazoarekin jo zuen erraldoia. Azken hau uniformez jantzita zegoen eta nire alboan geratu zen denbora osoan, lau ordu inguru. Batek, «felicidades, hoy es tu día» esan zidan. San Jose eguna zen, eta ni Joseba naizenez… Hortik La Salvera.

– Atxilotu zintuzten unetik hasita, epailearen aurrera eraman arte igaro ziren egunetan, zer gertatu zen?
La Salven ziegan biluzik eta etengabe irainduta egon nintzen. Handik, Madrilera eraman ninduten autoz, burua estalita eta makurturik bi guardia zibilen artean. Madrilgo ziega zikin hartan, hiru egunez eduki ninduten lo egin gabe, argia piztuta, ate joka eta etengabe irainduta. Hiru ordurik behin, ziegara sartu, burua estalita horman kontra jarri eta galdeketa saio amaigabeak hasten ziren. Ostikoka eta kolpeka etengabe gorputz guztian, buruan, barrabiletan… Batzuetan beste toki batera eramaten ninduten galdeketekin jarraitzeko, orduan ere ostikoka eta kolpeka. Egunero forentsea ziegara etortzen zen. Nik Bakeri buruz galdetzen nion, «está controlada» erantzuten zuen. Nik, orduan, «no me dejan dormir y me están dando de hostias», eta berak «coma y descanse» esaten zidan. Horrela igaro ziren ondorengo egunak, eta ofiziozko abokatuaren aurrean aitorpena sinatu ondoren, bakean utzi ninduten azkenengo egunean.

Behin Gomez de Liaño epailearen aurrean, «no me han dejado dormir y me han dado hostias a discreción, pero eso usted seguramente ya lo sabe», eta berak «bueno, bueno…» eta antzerako gauzak erantzuten zituen.

– Atxiloaldiak kalte fisiko edo psikologikorik eragin dizu?
Laburtu nahi ez arren, ezingo nuke gai honetaz gehiegi hitz egin. Niretzat oroitzapen txar bat besterik ez da. Ez dut uste aparteko ondorio psikologikorik utzi didanik. 47 urtekin atxilotu ninduten, banekien bizitza zer zen eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak zer ekarri zezakeen.

– Nola bizi izan zenuen ondoren etorri zena?
Hasiera-hasieratik, laguntza handia jaso dut senide eta lagunengandik. Gehien bat eta guztien gainetik, Bakerengandik.

– Atxilotuta egon ondoren kartzela zigorra jasan al duzu?
Bai, hamairu urtez espetxean.

– Ze testuingurutan kokatzen duzu zure atxiloketa eta inkomunikazio aldian sufritutako guztia?
Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu izan dugun eta borrokatzen dugun guztiok pairatutako errepresioak iturburu bera dauka: Euskal Herria mapatik ezabatzeko bi estatuek duten grina, alegia. Eta egungo «sasi-demokrazia» espainiarrak, jarraitzen du mota guztietako amarruak erabiltzen, tortura barne.

– Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako milaka tortura kasu bildu dituzte ikerketa batean. Zer iritzi duzu lan horri buruz?
Oso lan bikaina da. Ziurrenik ez dugu, bizi garen «lehen mundu hontan», pareko errepresiorik aurkituko. «Ikusezina» izatetik, ikusgarria izateko urrats garrantzitsua izan daiteke.

– Iaz, ‘Torturaren Aurpegiak, Berriro Inoiz Ez’ ekimenaren baitan, Zornotzako hamarnaka bizilagunek torturatuak izan zirela salatu zuten. Alabaina, jakin badakigu torturak pairatu dituzten zornotzarrak askoz gehiago direla, publikoki aitortu ez duten arren. 50 urte luzez sistematikoki erabili dute errepresio metodo anker hori milaka eta milaka euskal herritarren kontra. Zure ustez zer egin beharko litzateke torturarekin amaitzeko eta torturatu gehiagorik izango ez dela bermatzeko?
Torturaren arloan neurri tekniko asko har daitezke: legedi antiterrorista aldatzea, kamerak komisaldegietan, konfiantzazko abokatuak, neurriak hartzea ere espetxetik-espetxera egindako joanetorrietan… Honen inguruan Nazio Batuen Erakundeko kontalariak ere dekalogo bat aurkeztu zuen duela urte batzuk. Baina har litezkeen neurri tekniko guztien gainetik, burujabetasun politikorik lortzen ez dugun bitartean, bi estatuek jarraituko dute errepresio latza erabiltzen.