Juanlu Artaberi

OLYMPUS DIGITAL CAMERAMinduta eta haserre sentitu ginen pertsona batzuk Juanlu Artaberen ‘Hausnarketa eta biharamun egunak‘ iritzi artikulua irakurtzerakoan Zornotzako EH Bilduren web orri berrian. Egun batzuk pasatu eta gero hor doa gure iritzia:

Artikulu honetan komentatzen du zelan “herriko gazteek lokal bat okupatu dabela Zornotza erdiko kale ezagunean” eta baieztatzen du, gurekin hitz egin barik, gaztetxe bat izango dela. Lehenengo eta behin, lokal hori ez da okupatu gaztetxe bat izateko, gune kultural askea izateko baizik. Ez da berdina.

Jarraitzen du: “Hori esanda, esan behar da danak ez dauala balio eta erabiltzen dan metodoa egokia izatea komenigarria, ezinbestekoa dala”. Guk okupazioan sinisten dugu eta orain dela hamar urte baino gehiago hutsik egon den lokal bat, espazio huts bat, erabilera gabekoa, okupatzea guztiz zilegia ikusten dugu. Beti erraza ez den arren, guk filosofia honekin bat egiten dugulako: hitz gutxiago eta ekintza gehiago, Lucio Urtubiak esaten duen moduan. Zornotzan 1.500 etxebizitza eta lokal baino gehiago hutsik dauden bitartean gazteak lokal autogestionatu barik daude.

Maiatzaren 23an, larunbatean, gazteak Luis Urrengoetxea kaleko lokal horretan sartu ziren eta garbiketa eta atontzearekin batera, lehenengo gauza jabearekin kontaktuan jartzea izan zen. Arratsaldean bertan jabea handik hurbildu zen eta lasai hitz egin genuen berarekin.

Juanluk esaten du: “Zornotza herri txikia da eta ahalegin gutxi batzuk eginda, uste dut, arinago interesgarria izan leiken lokalaren jabeagaz egon behar dala, baita alderdi politiko desbardinetako ordezkariakaz be”. Argi dago (ez zen lehen aldia izango) zer gertatuko litzatekeen jabeagaz hitz egin bagenu okupatu baino lehen: hurrengo egunean lokala hesituta edo botata egongo zen. Eta alderdiei buruz, norekin hitz egin behar dugu okupazioaz, PNVrekin eta PSOErekin? Lehenago hitz egin dugu haiekin eta inoiz ez da ezer ere lortu. Ezkerreko pertsona batzuekin ere hitz egin dugu, baina imajinatu ahal denez, ezin da kartelik jarri okupazio eguna eta orduarekin, zoritxarrez okupazioa gaur egun ilegala delako. Gainera, ez gara atzo goizekoak, instituzioekiko eta gaur eguneko politika jokoarekiko mesfidantza izateko arrazoiak sobera ditugu.

Jarraitzen du esaten: “Izan be, holango kontuek sarri kanalizatu beharra izaten dabe talde politikoen bidez, ala bestela politikaren porrotaren seinalea baino ez da, begi bistakoa dalako gazteen beharrizanetatik eta erreferentzialtasunetik at dagozala”. Lehenengo eta behin ez dugu bat egiten kanalizazioaren kontuarekin, gazte aske eta errebeldeak sentitzen garelako gure proiektuak aurrera ateratzeko,  eta argi dago, eta ez da gauza berria, okupazioarena espekulazio basatiaren eta etxebizitza arazoaren inguruko politikaren porrota dela, eta horretan beti gaztea da alboratua eta kriminalizatua.

Azken parrafoa apoteosikoa da: “Egia da kontu hau zaharra dala eta aspaldi urtenbide bat izan behar ebala baina formak danok zaindu behar doguz eta kasu honetan jabeak errespetatuz, ezer baino aurretik berba eginez”. Guk ez dugu bat egiten jabetza pribatuaren defentsarekin, eta labur azalduko dugu zergatik:

Jabetza pribatua kapitalismoaren oinarrizko lehenengo printzipioa da. Kapitalismoak zer dakarzkun bergogoratu egin behar ete dogu? Gerrak sortzen dituena, jendea gosez hilarazten duena, Melillako hesian eta mediterraneoan milaka lagun erailtzen dituena, bizilagunak etxegabetzen dituena, gizarte justuago baten aldeko edozein gizarte mugimendu kriminalizatzen duena… Marxek zioen moduan jabetza pribatuak aberastasuna gutxi batzuentzat baino ez du sortzen, aberatsentzat; eta gehiengoarentzat, berriz, pobrezia egoera latza baino ez . Mende batzuk igaro arren, gure munduan, gure Euskal Herrian zelako kaltea eragiten duen ikustea baino ez dugu.

Hala eta guztiz ere, eta laburbilduz, interesgarria da gure arteko iritzi eta ikuspuntu desberdinak azaleratzea, eztabaida eta kontraesanetatik denok ikas dezagun, eta iparra ez dezagun sekula galdu.

Portzierto, nahiz eta Ertzaintzak bi lagun identifikatu, gure gainean salaketa bat eduki eta desalojo arriskuan egon, gu denon proiektua izan litekeen eta den Ziztada Gune Askeak aurrera jarraitzen du, zabalik kapitalismoaren aurka borrokatu nahi duen edonorentzat eta kultura autogestionatuan sinisten duenarentzat.

ZIZTADA GUNE ASKEAREN ASANBLADA