Karmenak

JuanluIazko Karmenetan sentsazio eskasak izan genduzan batek baino gehiagok eta badirudi mugimendu interesgarri batzuk be izan dirala harrezkero proposamenak lantzeko. Normalean, gozamenerako izan beharko litzakezan jaiak arazo eta kezka iturri bihurtu ez ete diralakoan nago. Horregaitik, ez lokartzeko eta proposamenak zehazten joateko ordua dala iruditzen jat. Beraz, hasitako lanei jarraipena emotea animatu gura neuskizue.

 

Nire eretxiz, hainbat gauza eztabaidatu eta aldatu beharko lirateke, batzuk bizkor-bizkor eta beste batzuk, ostera, prozesu baten barruan kokatuz. Zentzu horretan, zenbait gauza proposatuko neukez:

– Zornotzako jaiak ‘Karmenak’ izaten jarraitzea eta, beraz, holan izendatzea.

Gazteria herriko erdialdera hurbiltzea. Horretarako, erditik hurrin ipinten diran azpiegiturak erdirantza ekartea eta txosnak birkokatzeko prozesua martxan jartzea. Zentzu horretan, Zubiondo, Herriko plaza eta Zelaieta parkea gune nagusiak izatea proposatuko neuke, azpiegitura guztiak leku honeetan instalatuz. Azpigune batzuk be bultzatzea, kasurako, Luis Urrengoetxea, Ogenbarrena, Gernika plaza…, kasuotan aparteko azpiegitura ipini barik.

Santanatxu Eguna, jaietako azken zapatuan (edo barikuan) izatea. Santanatxuko desfilea beste modu batean planteatu behar dala argi dago. Nire ustez, ekintza parte-hartzailea eta herrikoia izan behar dau, bertan parte hartzea erreza bihurtuz. Nire ustez, konkurtsoa ez litzake izan behar.

Santana Eguna. Egun honetako tanborrada, Santanatxu eguneko desfilearen antzera, hausnarketa sakona merezidu dau. Nik partaide guztiei gonbidatuko neuskie Santanatxuko desfilearen antzera, tanborrada be, jaietako azken barikuan (edo zapatuan) egiteaz pentsatzeko.

Azpiegiturei jagokenez, aurrerapauso nabarmenak egin beharko liratekeela uste dot. Zentzu honetan, Herriko plaza beste modu batez ekipatu beharko litzake.

Azoka Herriko plaza inguruan eta parkean garatzea.

– Domeka eta jaiegunetako eguerdiak dinamizatzea, bereziki, Karmen Eguna. Proposatzen dot azoka egun honetan izatea. Aspaldiko urteetan herrian egun tristea dala esango neuke.

– Karmenak, beraz, uztailaren 15an hasi eta uztailaren 26an amaitzea proposatzen dot. Tanborradakoek pentsatzen badabe euren ekintza azken asteburuko egunen batera pasatzea, orduan uztailaren 25ean amaituko lirateke, suziri jautiketagaz.

Gauza gehiago be planteatu leikez, baina argi dago gai oso konplexua dala eta gaitasun handia beharko dala hertz guztiei erantzuteko. Horregaitik, lasai baina sendo jokatu behar dala uste dot. Aldaketa guztiak kolpera izan beharrean, “prozesu” batean ipiniko neukez.