Karmenetan ingelesez!

idoia-zuloaga“Zelaieta parkean, ipuin kontalaria ingelesez” irakurri nuen atzo, uztailak 12, Anboto astekarian, Zornotzako Karmenetako jai egitarauan, eta harrituta geratu nintzen. Okerren bat izango zelakoan, gaur, oraindik aho zabalik, eskuko egitaraua arakatu dut eta ez, akatsik ez zela baieztatu ahal izan dut.

“Patxikoren” garaikoa naiz. Beraz, ikasketak gazteleraz egin behar izan nituen, ezinbestean. Lagunarteko zein kaleko giroa ere erdalduna; telebista kate bakarra erdaraz eta bigarrena jarri zutenean ere berdin, eta umetan euskaraz berba egiteagatik zaplastekoren bat ere hartu nuen.

Etxean, amaren erresuman, ordea, euskaraz egiten zen, bera euskalduna izateaz gain, oso argi baitzuen alabak ere euskaldunak izango zirela, eta horretarako zapatila erabili behar bazen… Aita erdalduna, eta ikasteko ahalegintxoren bat egin bazuen ere, ume ginen bitartean zertxobait jarraitzeko lain baino ez zuen ikasi.

Honekin guztiarekin adierazi gura dudan bakarra da, gaur egun ez bezala, ezer gutxi izan genuela aldeko, amaren euskalduntasuna ez zenik, behintzat, eta, hala ere, euskaldunak.

Hezkuntza sistema euskalduntzearekin, uste izan genuen lanik latzena egina izango zela, baina ez da horrela izan. Hor ari dira gazteak erdaraz jo eta ke, eta kontuz zer esaten duzun!, eurak elebidunak dira-eta. Helduok gabiltza elebidunak/eleaniztunak, baina euskaldunak izan daitezen zer egin asmatu ezinda, umeek gaztelera eta ingelesa ikasten duten bitartean.

Oraindik zur eta lur, pentsatzen hasia naiz ipuin kontalaria ingelesez jartzea estrategia berritzaileren bat ez ote den. Guk, “Patxikoren” debekuak debeku, euskaldun izateko hautua egin bagenuen, agian, umeak ingeles giroan murgilduta euskaraz aritzea lortuko den itxaropenean.