Katalunian ez da ezer bukatu, dena hasi da orain

Urriaren 1eko erreferendumean, boto-papera hautestontzian sartzen.

Lehenik eta behin esan nahiko nuke euskalduna naizela, euskaldun sentitzen naizela eta euskaldun izateaz harro nagoela.

Duela sei urte nire bizitzan aldaketa handi bat izan nuen eta Kataluniara etorri nintzen bizitzera. Harrezkero, bihotza zatituta daukat: euskaldun eta katalantzat dut nire burua. Eta normala da. Herrialde biek beren kultura propioa dute, beren hizkuntza propioa, beren sentimendu propioak… Eta garrantzitsuena: Kataluniako eta Euskal Herriko hiritar gehienak ez gara espainiar sentitzen.

Aste gogorrak izaten ari dira Katalunian. Pasadan astean errepresioa gure bide eta kaleetan ezarri zuten. Eta zure buruari galdetzen diozu: “Nola da posible? 2017. urtean bizi gara eta ezin dugu gure iritzia izan? Ezin dogu bozkatu? Ezin gara ezberdin sentitu?”

Espainiako Estatuari esan nahiko nioke, beren neurri errepresibo eta erasoekin kontrako efektua lortu dutela Katalunian:

– Guk bozkatzea galarazi nahi izan duzue, gure erabakitzeko eskubidea ukatu nahi duzue eta horretarako gizartea beldurrarazten saiatzen ari zarete. Baina kontrakoa eragiten duzue! Kataluniako herritar gero eta gehiago dira independentziaren aldekoak eta urriaren 1eko erreferendumean bozkatzeko asmorik ez zutenak ere, bozkatzera joan dira! Goizeko 08:00etarako denak zeuden hauteslekua noiz irekiko zain! Ezin duzue herriaren nahia zapaldu!

– Indarkeriaren kontra zaudetela esaten duzue, baina gero milaka guardia zibil eta polizia bidaltzen dituzue Kataluniara eta 800 pertsona baino gehiago ospitalera bidali dituzue! Eta zein da pertsona horien delitua? Boto-paper bat hautestontzi batean sartu nahi izatea!

Baina txarrena da, oraindik ez zaretela jabetuz zer ari den gertatzen hemen. Gutxi batzuk baino ez garela eta hau laster bukatuko dela esaten jarraitzen duzue, baina hau ez da bukatu. Hau orain hasi da, 3.000.000 baino gehiago gara Kataluniaren erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunak eta gure helburuetatik inoiz baino hurbilago sentitzen gara.

Mariano Rajoy jauna, Espainiako Gobernuko agintariak, nahi duzuena egin dezakezuela uste duzue, baina dena ez da zilegi. Inoiz ez gara zuen hatzaparretan eroriko, inoiz.

GORA EUSKADI ASKATUTA!

VISCA CATALUNYA LLIURE!