Klase borroka, desagertu?

Hedabideek edota iritzi berriemaileek, modu etengabean, dioskue langile klasea dagoeneko ez dela existitzen. Denok garela klase ertaina eta guk geronek hala nahiko bagenu edozer gauza lortzeko baliabideak eskura ditugula. Hutsaren hurrengoa, alajaina!

Pandemiak, geure eguneroko xumean, mundu berri bat asmatzera behartu gaitu. Bakoitzak bere modura eta bere ahalmenaren arabera. Pandemiak zoru asko arrakalatu ditu, orube hainbat berrantolatzea eskatu du noraezean erabili gaituen birusak eta, jakina, oraindik denbora bat inbertitzea eskatuko digu arazoa guztiz kontrolpean izan arte.

Analista hainbatek aurreikusten zuten krisi honen biharamunak izen asko edukiko zituela , baina bat nabarmenduko zela, hots: mobilizazioarena. Beraz langilegoari kalera ateratzea dagokigu, bestela jai!

Hasteko esan daiteke, ozen eta garbi, klase-borroka ez dela kontzeptu zaharkitu bat, batzuek (interes jakinak medio) nahiko luketen bezala. Ahazteko eta manipulatzeko interes asko dauden arren, klaseen arteko borroka gure gizartean mantentzen da eta ondorio jakin batzuk ditu.

Pandemiaren ondorioz milaka langile kaleratuak izan dira eta hau hasi besterik ez da egin. Arazoak erro sakonak ditu, beraz, mobilizazioak ezinbestekoak izango dira aurrean dugun mamua garaitu nahi badugu.

Borroka sindikal eta borroka sozialak pizten segitu behar du, enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa edota pentsioen defentsa aldera. Mobilizazioa da aukera bakarra eta jakina, eraginkorrena guztia lortu aldera. Guztiok ditugu gogoan pentsionistek bideraturiko ekimenak, mugimendu feministak plazaraturikoak, langileen borrokak ekimen desberdinez osaturikoak.

Ozen esan daiteke euskal jendartea bizi-bizirik dagoela eta beharrezkotzat jotzen duenean kalera ateratzen badaki. Ikusi besterik ez dago nola dagoen Ezkerraldea edota Aiara bailara. Halaber antzeko dago Sakana zein gure inguruan Arratialdea. Gehiago izendatzeak ez liguke esfortzurik emango arazoa hain larrria baita.

Enplegua eta lan duina defendatzea dagokigu eta horretarako bide bakarra ezagutzen dugu, hots, mobilizazioarena, nahiz betiko jauntxoen ahotik erretolika berdina entzun: “Orain ez da momentua”. Sekula ez da momentua… haientzat.