Korrika-afariko irakasle zaharrena

Lehenik eta behin, zorionak eta eskerrik asko Korrikaren hogeigarren edizioa Zornotzan antolatu duzuen guztiei. Eta zorionak AEKri, oraindik ere mugimendu soziala izaten jarraitzen duelako. Mila zorion, aurtengo edizioa parte hartzailea, zabala, koloretsua, anitza, gozoa, alaia eta atsegina izatea lortu duzuelako. Esan daitekeen guztia gutxi da.

Bestalde, azpimarra jarri nahi nuke Korrika-afarian. Bertan era guztietako “izaki eta elementuak” bildu ginen eta azkenean bertsotan aritu ziren bi emakume. Bertso saio bikaina, interaktiboa eta modernoa izan zen, tartean bertan geunden hainbat pertsonaren aipuak eginez. Eta, hartan horretan, afaltzen geundenon “irakasle-ohi zaharrena”ren titulua eman zidaten.

Titulu horretaz baliatuta, esan behar dut damu naizela bertan berba bi egin ez izanaz. Horregatik, leihotxo hau erabili nahi dut gogoratzeko azken urtean, nigaz batera, 84-85, 85-86, 86-87 ikasturtean AEKko proiektu ilusionagarri eta konplikatu hartan kide preziatuak izan nituen pertsona bi hil zaizkigula, oso gazterik; bata, Fermin Areitio, bat-batean, eta bestea, Nekane, gaixotasun luzearen ondoren. Biek ilusio handiagaz lan egin zuten Zornotzako AEKn, bakoitzak bere ezaugarrien arabera. Sasoi hartan, eurekaz batera, talde bikaina osatu genuen eta, besteak beste, Bizkargiko Jaiak antolatzen hasi ginen, bai, bai, Zornotzako AEKren eskutik. Sanjuanak be, 1990ean antolatzen hasi ginenean, han zebiltzan antolaketa lanetan, egin beharreko guztia eta gehiago aurrera eroanez. Ohore handia da niretzat eurekaz lan egin izana. Harrezkero, guztira hogeita hiru urtetan zehar, Sanjuanetako jaien antolakuntzan beti egon da Zornotzako AEK. Hainbeste urtetan, jende askok gogor lan egin du, eta denak aipatzerik ez dagoenez, bi aipatuko ditut guztien artean, Amaia eta Alaitz. Mila esker.

Bestalde, zorionak be emon behar nizkion Amaiari, orain dela gitxi izandako istripuaren lesioetatik onik eta osasuntsu atera delako.

Seguru badaudela beste hainbat kontu esatekoak, baina momentuz, hauekin konforme.