Kortederran, Bistibieta zabortegian, luizi arriskua?

Otsailaren 6an, Zaldibarreko zabortegian sortutako luiziak hautsak harrotu zituen jendartean. Batetik, Joaquin eta Alberto bertako langileak desagertu zirelako, eta egun, bi hilabete geroago, ez dituztelako aurkitu. Eta bestetik, gainezka egindako zabortegi horretako hondakinak beste zabortegi batera eraman behar zirelako. Aukeren artean, Zornotzatik gertu, Kortederra auzoaren ondoan dagoen Lemoako Bistibieta zabortegia aipatu zuten.

Hondakinen kudeaketa eta Lemoako zabortegia hizpide, martxoaren 10ean, Izaskun Oyangurenek eta Saioa Elejabarrietak hitzaldia eman zuten Zelaieta zentroan, eta hurrengo datuak jakinarazi zituzten. Euskadin ia 6MMt hondakin sortzen dira urtean, biztanleko 2.695 Kg. Horiek zabortegietara bideratu ohi dira, eta gaur egun, hainbat egon daitezke gainezka egiteko egoeran. Zaldibarreko auziari erreparatuz, bertan 13 urtean jasotako hondakin kopuruak 35 urtean jasotakoa izan beharko luke. Hondakin horiek guztiak, hasieran, EAEko beste zabortegietara bideratu nahi izan zituzten, baina, esaterako, Zalla zein Lemoako Udalak aurka agertu ziren. Bestalde, Bergara eta Mutiloako zabortegietan, Zaldibarrekoan bezala, isurtzen ziren zabor industrialekin zer egin erabakitzeko bildu ziren. Azkenik, Jaurlaritzak Eitzagaetxebarria baserriaren jabetzako lurrak desjabetu, eta Zaldibarreko zabortegiaren ondoan hondakinak biltzeko bi biltegi egitea onartu zuen.

Zornotzak, ofizialki, ez du zabortegirik, baina mugakide dituen hainbat herrik bai. Esaterako, Iurretak, eta gainera, bertako zabortegiaren gutxienez herena Zornotzako lurretan dago. Horrez gain, Larrabetzuk eta Lemoak ere badute bana. Lemoako Bistibieta zabortegiak hondakin ez arriskutsuak jasotzeko Integratutako Ingurumen Baimena du, eta bertan pilatzen diren zaborrek sortzen dituzten lixibatuak tratatzen dituzte. Horren ondorio da inguruan nabari den kiratsa. Zabortegi hau 2002an ireki zuten, eta ordutik zeresana eman du: 2012an Zornotzako Udalak zabortegiaren jarduera modu aktibo eta eraginkorrean ikuskatzea eskatu zuen eta 2014an Lemoako elkarte ekologistak zabortegia ixtea eskatu zuen. Hala ere, egun irekita dago, eta gainezka omen dagoen arren, 2023ra arte hondakinak isurtzeko lizentzia du.

Duela aste batzuk, webgune honetan, Xabier Gutierrezek idatzitako Gure zabortegia iritzi artikuluan, Bistibietako zabortegiari lotutako datu gehiago argitaratu ziren. Horrez gain, Lezama Bizirik herri aldizkarian, 2017ko abenduan argitaratutako alean, aipatzen dira bertan egon daitezkeen hondakin arriskutsu batzuk. Besteak beste, Prestige-ren txapapotea jaso izanaren ebidentziak daudela adierazten da.