LAB sindikatuak Lasuen enpresa salatu du, Zornotzan egindako lanetan hitzarmena ez betetzeagatik

Langilea-pixeletaBizkaiko Lan Ikuskaritzan salaketa jarri dio LAB sindikatuak Lasuen enpresari.  Zornotzako San Juan kalean egiten ari diren urbanizazio lanetan, Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmenean zehazten diren baldintzak ez errespetatu izana leporatzen dio sindikatuak. Horrez gain, Norbanako Babes Ekipoak ez erabiltzearekin batera, eguneko lanaldiak eta beharrezkoak diren atsedenaldiak  ez errespetatzea leporatu dio.

 

 

 

Construcciones Lasuen S.A. enpresa Amorebieta-Etxanoko Udalarentzako obra batetan ari da lanean, San Juan eta Lehendakari Agirreren arteko biribilgunean, hain zuzen ere. Azaroan eta abenduan zehar ere istiluak izan ziren bertako beharginekin, izan ere, behin baino gehiagotan aritu dira babes neurririk gabe lanean.

Gertakari honen aurrean, beste behin, LABek hiru puntutan oinarritutako alternatiba argitaratu du:

– Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.

– Kontratazioaren eta azpi-kontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpi-kontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa esleipendunari eta azpikontrata guztiei dagokie.

– Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtean.