LAB sindikatuak martxoaren 8an planto egitera deitu du, soldata arrakala arazo politikoa dela salatuz

LABek egindako mobilizazio bat. Argazkia: LAB Durangaldea

Soldata arrakala “sistemaren tresna” dela azpimarratu du LAB sindikatuak, eta horrek hainbat arlo eta egoeratan duen eragina agerian utzi du, besteak beste, emakumeon* lanei balioa kendu, lan horiek doan eskuratu gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatu, zaintza lanak egitera behartu, eta abar. Izan ere, “sistema kapitalista heteropatriarkalak lan horiek guztiak premiazkoak ditu, bere horretan irauteko eta irabaziak lortzeko”, ohartarazi du.

Horrez gain, gizon eta emakume pentsionisten artean ere badago soldata arrakala izugarria: Euskal Herrian emakumeek duten pentsio media gizonezkoena baino% 40 txikiagoa da. Bestalde, etniaren araberako lan banaketan ere, soldata arrakala gehiago sortzen dira: lanik gogorrenak, gutxien ordaindu eta arautuak eta esplotazio egoera latzenetakoak beste jatorri batzuetako pertsonei egokitzen zaizkie.

Gauzak horrela, arduragabekeria politikoz jokatu izana leporatu die LABek erakundeei. “Aurten instituzioak interpelatzen ditugu zuzenean: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Emakunde, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, aldundiak, udalak, gizarte segurantza… ez dutelako guzti honi dagokionez ezer egin, plan instituzionalekin engainatu nahi gaituztelako, emakumeon* lan baldintzetan ardura zuzena daukatelako”, kritikatu du sindikatuak.

Arrazoi horiengatik eta sisteman honetan sinisten ez dutelako, “martxoaren 8an kapitalismo heteropatriarkalari planto” egiteko deia egin du LABek.