LAB sindikatuko ordezkari ohi bat kaleratu dute Zornotzako Adakar enpresan

Adakar enpresaren aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAB sindikatua

Ordezkari ohia “oinarririk gabeko kaleratze diziplinario baten bidez”, “lan sindikala egiteagatik” eta enpresarengandik azken bost urteetan “hainbat mehatxu” jasan ostean bota dutela salatu du sindikatuak. “Badakite LABek langileen egoera aldatzeko lan egiten duela, eta ez dute hori nahi”, azpimarratu du. Kaleratzea salatzeko elkarretaratzea egin zuten Boroan. Ertzaintzak LABeko kide bat identifikatu zuen.

 

Amorebieta-Etxanoko Adakar enpresan ordezkari sindikal ohi bat kaleratu dutela salatu du LABek. Hemen duzue sindikatuaren oharra oso-osorik:

Gaur, urriak, 21, Adakar enpresaren aurrean kontzentratu gara LABeko delegatu izandako langilearen kaleratzea salatzeko. Duela 5 urte ospatutako hauteskunde sindikaletan irten zen Gotzon delegatu Adakar enpresan, eta geroztik  bere atzetik ibili da enpresa, mehatxuka, lan sindikala burutzeagatik.

Lau urte pasatuta enpresak, UGT sindikatuaren laguntzarekin eta langileei beldurra sartuz, Gotzon delegatu ez izatea lortu zuten. Eta orain, delegatu izateari utzi eta urte bateko babesa amaitu zaionean, inolako oinarririk gabeko kaleratze diziplinario baten bitartez  kaleratu dute.

Azken urte hauetan, lan sindikalaren beldur direla argi utzi dute Adakar enpresako agintariek. Baina, zergatik? Badakitelako langileen eskubideak urratzen dituztela. Badakitelako LAB bezalako sindikatu batek egoera aldatzeko lan egingo duela. Eta ez dute nahi.

Langileen portzentai handi batek adibidez, ETT bidez kontratatuta daramate 2, 3, 4… edota 7 urtez. Eta hori onartezina da legez kanpokoa izateaz gain. Egoera hau berriz ere LAB bozkatu ezkero ez zutela aldatuko mehatxatu zituzten; Gotzon eta  LAB egoera hori aldatzeko lanean geundelako. Enpresak nahi zuena bozkatu ezkero  legea beteko omen zuten. Legea aspaldi bete beharko lukete!

Mehatxu hau eta beste hainbat;  Gotzonen erruz lantegia pikutara joango zela, ezingo ziela ordaindu… Borrokatzen zena langileon eskubideak besterik ez zirenean. Langileon lan osasuna babestea zenean.  Baina enpresak beldur eta mehatxuen bidez lortu zuen bere nahia.

LABetik argi daukagu zegokion lan sindikala egiteagatik kaleratu dutela Gotzon. Eta LAB bezalako sindikatu bat ez delako erosoa langileen eskubideak zapaltzen dituen enpresa batentzat.

Guzti honengatik elkartu gara gaur Boroan, Adakar enpresaren aurrean. Eta urriak 27an berriz elkartuko gara Bilbon 12:15etan epaitegi aurrean.

Azkenik, gaurko kontzentrazioan Adakarreko agintariek eduki duten jarrera erasokorra eta probokatzailea salatu nahi dugu. Ertzaintzari deitu eta gure kide baten identifikazioa eragin dute, berriro ere ekintza sindikala zapuztu nahian eta, berriro ere, zeren beldur diren argi utziz.

Fernando Arriola  (gerentea) eta Iñaki Goya (RRHH) langileen ETSAIAK!

Aurrean izango gaituzue!

Borroka sindikala aurrera!

JO TA KE GOTZON ADAKARRERA BUELTATU ARTE!