LABeko ordezkari bati eraso egin diote Zornotzako Arrain Logic enpresan

Kontzentrazioa-arrain-logic-jazarpena

Durangoko Auzitegian egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAB

Langile batek eraso egin dio LABek Zornotzako Arrain Logic enpresan duen ordezkari sindikalari. Gertakariak urtarrilaren 21ean jazo ziren, gaueko txandan. Jokin Delgado langileen ordezkariak eta Ieray Solaguren lankideak eztabaida gogorra izan zuten eta azken horrek paparrean jo egin zion.

Ertzaintza bertaratu zen lantegira eta biek jarri zuten salaketa: Delgadok, eraso egin ziolako; eta Solagurenek, jazarpenagatik.

LABek ohar batean azaldu duenez, bere “babes osoa” eman dio Delgadori eta Arrain Logic enpresan “jazarpen sindikalik” onartuko ez duela azpimarratu du. Horrez gain, Solaguren LABeko afiliatua dela, baina gertatutakoa “falta oso larria” dela iritzita, sindikatutik kanporatzeko izapideak hasi dituztela jakinarazi du.

“Ez dugu onartuko langileen aurkako inolako erasorik. Horrela jokatzen dutenek aurrean izango gaituzte beti”, ohartarazi du sindikatuak.

Testigantzak

Delgadok urtebete darama langileen ordezkari lanetan Arrain Logic enpresan, eta, epe horretan, langile batzuengandik “mehatxuak” jasan dituela adierazi du.

Horren guztiaren atzean zuzendaritza egon daitekeen ez daki, baina langile horiekiko jarrera permisiboa antzeman du. “Mehatxua egin didatenak babestu egin dituztena garbi daukat. Duda barik. Beste batzutan ere izan dira liskarrak eta langileak kaleratu izan dituzte, birritan pentsatu barik. Baina kasu hauetan ez dute ezer egin eta gainera sindikatuari esan diote nire errua dela”, azaldu dio Delgadok Anboto komunikabideari.

“Ez dut pentsatu nahi inork gidatutako zerbait zenik, baina zuzendariak nirekin duen jarrera ikusita, ez dakit zer pentsatu”, erantsi du.

Bestalde, Solagurenek, enpresako jabearen ilobak, gezurtatu egin du LAB ordezkariaren testigantza. Haren kontra ez dabilela eta Delgadorengandik bere burua jazarrita sentitzen duela dio. Nolanahi ere, aitortu egin du paparrean jo ziola.

Arrain Logic enpresako zuzendaritzak, berriz, ukatu egin du langileak Delgado jazartzeko erabili izana: “Dena faltsua da”.

Epaiketa azkarra

Gauzak horrela, urtarrilaren 27an biek deklaratu zuten Durangoko Auzitegian. Alabaina, epaiketa atzeratzea erabaki zuen epaileak, froga gehiago eskatu zirelako. Solagurenen defentsak enpresa barruko kameren grabaketak galdegin zituen; epaileak, ostera, bata zein bestearen zaurien inguruko txosten zehatzagoak.

Bitartean, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen epaitegiaren kanpoaldean Delgadori babesa helarazteko. ‘Arrain Logicen jazarpen sindikalik ez!’ lelopean, 50 bat pertsona elkartu ziren.