“Larrialdian dauden sektoreei eta herritarrei laguntzeko neurriak indartzea da gure helburua, eta horretan ari gara”

Bego Atxa EH Bilduko zinegotzia.

Bego Atxa EH Bilduko zinegotzia.

Bego Atxa Gizarte, Enplegu eta Berdintasun zinegotziarekin hainbat gai aztertu ditugu elkarrizketa honetan: covid-19aren pandemiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko EH Bilduk proposatutako neurriak, Udal Aurrekontuak, larrialdian dauden herritarrei zuzendutako laguntzak kudeatzeko sisteman antzemandako gabeziak, perspektiba feminista…

-Lehendabiziko aldiz EH Bilduk EAJren Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak onartu ditu. Zergatik?

Legegintzaldiaren hasieran esan genuen zornotzarren interesak lehenesten badira, EH Bildu elkarrizketarako eta akordioak egiteko prest egongo zela, eta bestela oposizio zorrotza eta zuzena egingo genuela. Pandemiaren eraginez edo, EAJk beste jarrera bat erakutsi du eta oposizioko taldeekin harreman gehiago izan du.

Guk argi dugu aurrekaririk gabeko krisi sanitario eta sozio-ekonomiko honi elkarlanean egin behar zaiola aurre eta horregatik jarrera eraikitzailea izan dugu. Azken urtean hainbat proposamen egin ditugu udaletxean eta, aurrekontuaren kasuan, Udal Gobernuak gure ekarpen guztiak onartu ditu.  Beraz, eta puntu guztiekin % 100ean ados ez bagaude ere, aurrekontuak babestea erabaki genuen.

-Zeintzuk dira EH Bilduk egin dituen proposamen zehatzak?

Bada, gizarte-gaietarako eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko neurriak indartzea izan da gure lehentasunetako bat eta bide horretan egin ditugu proposamenak jaso dira aurrekontuan. Oro har, 200.000 euro bideratuko dira covid-19aren krisiak kaltetu dituen dendari, ostalari eta pertsonei laguntzeko.

Zornotzan hainbat familia pobrezia egoeran edo premiazko beharrizanekin daudela jakinda, gizarte larrialdietarako diru-saila 300.000 eurora arte handitzea lortu dugu. Zehazki, 40.000 euro gehiago bideratuko dira larrialdietarako. Kulturaren sektorea ere gogor jo du pandemiak. Hala, jarduera soziokulturalerako diru-saila 100.000 eurotan igotzea proposatu genuen.

Horrez gain, gazteen enplegu plana indartu behar dela uste dugu, gazteriak krisi honen ondorioak urteetan pairatuko dituela kontuan hartuta. 60.000 euro gehiago bideratuko dira plan horretara. Bestalde, trantsizio energetikoaren bidean, ingurumenera zuzendutako partida mantentzea eskatu genuen, gehiago murriztea saihestuz.

-Pandemiarekin lotuta ez dauden beste inbertsio batzuk ere proposatu dituzue?

Bai, eta horiek ere aurrekontuan jasota geratu dira. Besteak beste, Santa Luzia eta Leginetxe arteko bidea konpontzea eta auzoetan bankuak jartzea eskatu dugu. Halaber, zenbait proiektu babestu ditugu: mugikortasun jasangarria bultzatzeko bizikleta plana; Karmen kalerako eta Andrandirako igogailuak; auzoetan ur-hornidura bermatzeko konponketak; eta skate park-aren berrikuntza.

-Krisi honek hainbat arazo estruktural agerian utzi ditu eta pobrezia-mailak gora egitea ekarri du. Zer egiten du Amorebieta-Etxanoko Udalak arriskuan dauden herritarrei laguntzeko?

Udalak gabezia asko ditu zentzu horretan, eta gabezia horiek behin eta berriz geratu dira agerian, batez ere pandemia deklaratu zenetik. Beharrizan egoeran dauden pertsonen oinarrizko beharrizanak udaletxeak ez ditu asetzen: janari falta asetzera mugatzen dira.

Pandemia dela eta, herritar asko langabezia edo ERTE egoeran daude, eta fakturak ordaintzeko zailtasunak dituzte, baina Udalak muzin egiten die laguntza-eskaera horiei. Adibide gisa: udaletxeko arautegiaren arabera, udal fakturak ordaindu ezean ez daukazu diru-laguntzak jasotzeko aukerarik. Nola aurre egin, ordea, udaletxeko fakturei, diru-sarrera gabe eta diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik gabe? Diru-laguntzak ez al dira baliabide ekonomiko urriak dituzten herritarrei zuzenduta egon behar?  Paradoxikoa zeharo.

-Zein beste arazo antzeman dituzu laguntza sozialari dagokionez?

Diru-laguntzen inguruko informazioa ere urria da. 2020an gizarte larrialdietarako aurreikusitako partidan soberakina gauzatu zen. Nola da posible krisi garai honetan, herri honetan bizilagun asko premiazko beharrizanekin daudenean, soberakinak egotea larrialdiko laguntza sozialen partidan?

Horrez gain, gizarte langilearekin biltzeko ere zailtasun izugarriak izaten dituzte herritarrek: zitak, deitu eta hilabetera edo hilabete eta erdira ematen dituzte. Beraz, gizarte langile gehiago behar dira, zerbitzua ona izan dadin, eta hori ere salatu dugu.

Beste askok etxebizitzarako beharrizana dute, eta udaletxeak ez dauka etxebizitza publikorik egoera larrienetan dauden familiak instalatzeko. Beraz, familia asko eta asko kalean geratzeko arriskuan daude.

-Pandemiaren hasieran, hamarnaka gazte zornotzarrek Elkartasun Sarea eratu zuten eta egun 40 familiari eskaintzen diote laguntza, janaria eta premiazko produktuak helaraziz. Ez al du erakusten horrek Udalak esparru honetan gabezia handia duela?

Bai, hala da. Larrialdi egoeran dagoen familia batek Udalaren laguntzarik jasotzeko aukerarik ez badu edo Udalak premiazko beharrizan horiek asetzen ez baditu, elkartasun taldeetara jotzea baino ez dute, eta haien lanari esker lortzen dute bizirautea.

Baina hau ez zen horrela izan beharko. Udalak baditu baliabide ekonomiko eta estrukturalak egoera honi aurre egiteko, bere ardura da herritar horien beharrizanei erantzutea, baina herriko talde solidarioen esku utzi du erantzukizun hori. Onartezina.

Dena den, guzti honek positibotik ere badu, eta miresgarria da herriko elkarte ezberdinek (Elkartasun Sarea, Caritas, Ongietorri Errefuxiatuak…) larrialdian dauden familia eta bizilagunei laguntzeko egiten duten lana. Gutxiago dutenekiko erakutsi duten elkartasun maila eta lanerako grina azpimarratzekoa eta zoriontzekoa da.

-Beti defendatu duzue tokiko merkataritza. Zer egin duzue herriko dendariak eta ostalariak babesteko?

Hasteko, haiekin bildu ginen, beraien kezkak, kexak eta iradokizunak jasotzeko asmoz; izan ere, ezin daiteke politikarik egin herria eta herritarrak kontuan hartu  gabe. Ondoren, sektore horrek adierazitakoa mahaigaineratu eta tokiko merkataritza babesteko neurri ezberdinak landu genituen. Plan hori gainerako alderdi politikoekin partekatu genuen, arazo hauek erantzun amankomuna eta aho batekoa behar baitute. Lan horren ondorio izan dira tokiko merkataritza bultzatzea helburu duten Amorebonoak, herrian kontsumitzeko egin diren kontzientziazio kanpainak eta ostalariei zuzendutako diru-laguntzak.

– 2019ko ekainean hartu zenuen lehen aldiz zinegotzi kargua eta azken urtea koronabirusaren pandemiak markatu du. Nola bizi izan duzu hau guztia udal ordezkari gisa?

Bada, populismotik aldenduta, kezka haundiz. Kezka handiarekin herritarron osasunagatik; covid-19a dela eta, lan gabe geratu direnengatik edota pertsiana ixtera behartuta egon direnengatik; jatekorik edota etxebizitzarik ez dutenengatik; egoera prekarioan lan egiten duten erresidentzietako langileengatik; edota buru belarri eta izugarrizko baliabide faltarekin eta ahal den erara, gau eta egun lanean diharduten osasungintzako langileengatik. Azken finean, pandemiak, bereziki afektatu dituenengatik.

Baina arestian esan bezala, egoera honek txarrenari ere onena atera dio, herria komunitate edo sare gisa antolatu da, elkarlanean, ondokoa lagunduz, eta hori baino gauza politagorik ez dago.

-Bestalde, Berdintasun alorreko zinegotzia ere bazara. Zeintzuk dira maila instituzionalean ikusten dituzuen beharrizan edo gabezia nagusiak?

Beharrizan hauek lerro gutxi batzuetan jasotzea ezinezkoa da; izan ere, asko eta asko dira. Baina enfasia jarri nahiko nuke genero perspektibaren beharrizanean. Perspektiba hori ezin daiteke Berdintasun Sailera mugatu. Gainontzeko sailetan ere -hirigintzan, kirolean eta kulturan, ekonomian, segurtasunean-  genero ikuspegia presente izateaz gain, ardatz izan beharko luke, araudiak egiterakoan zein edozein erabaki hartzerakoan.

Adibidez, hirigintzan, ezinbestekoa da emakumeon beharrizanak aurreikusita eraikitzea, gune ilunak ekidinez edo emakumeoi espazio publikoak eskainiz, lanerako nahiz aldarrikapenetarako.

Ekonomiari dagokionez, genero parekidetasuna bermatzea ezinbestekoa da eta hainbat neurri har daitezke, hala nola lizitazio publikoetan berdintasun planak eskatu daitezke kontratatzeko baldintza moduan eta enpresa pribatuei zuzendutako diru laguntza publikoak berdintasun plan erreal bat izatera lotu daitezke.

Horrez gain, udal langileei heziketa feminista bat ematea ezinbestekoa da, emakumeon beharrizanei behar bezala erantzuteko; batez ere indarkeria matxistaren biktimei harrera eta erantzun egokia emateko. Protokoloak egiteaz gain, gero protokolo horiek betetzen direla bermatu behar da eta horrek jarraipena egitea eskatzen du, eta hori administrazioaren lana da.

Otsailean, adibidez, herriko neska gazte batek jazarpena jasan zuela salatu zuen. Inguruan zeuden ertzainek ikusi zuten, baina ez zuten ezer egin. Hori onartezina da eta norbaitek ardura bere gain hartuko beharko luke.

Kirolean ere badago zer egin. Emakumeon estigmatizazioarekin bukatu beharra dago. Kirol maskulinizatuetan emakumeon presentzia bermatu beharra dago, eta ez soilik jokoari edo kirol jarduerari dagokionez, zuzendaritza eta kudeaketa lanetan ere presentzia izan behar du emakumeak. Eta bide hori jorratzeko, adibidez, kirol taldeek jasotzen dituzten diru-laguntza publikoak berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzearekin lotu daitezke.

-Eta, zer egingo luke EH Bilduk feminismoa bultzatze aldera?

EH Bildun argi dugu borroka feminista emakumeon borroka dela eta, beraz, mugimendu feministaren eta emakume taldeen esanetara gaude. Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan edo udaletxean mugimendu feministaren aldarrikapenak gauzatzen laguntzeko tresna izan behar garela uste dugu.

EH Bilduko emakumeok badugu gure lan-ildo feminista, eta, besteak beste, arestian esandako gabeziei eta beste hamaikari aurre egiteko Berdintasunerako Plan Integral bat osatzea proposatzen dugu, betiere ikuspuntu feminista batetik.

Horrez gain, EH Bildurentzat funtsezkoa da Emakumeen Etxea sortzea Amorebieta-Etxanon, mugimendu feminista eta emakume-taldeak elkartzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko leku gisa, ahalduntze-prozesuak bultzatzeko.

Hau guztia mugimendu feministarekin eta emakume taldeekin elkarlanean egin behar dugula konbentzituta gaude. Eraldaketa feminista, emakume feministek lideratu behar dute, eta EH Bildu eraldaketa hori lortzeko beste tresna bat gehiago izan behar da.