Lehenengo berbak

Kostata bada ere, azkenean baietz esan diot txoko honetan idazteko gonbitari. Eta kostata diot, ez baita izan erraza erabakia hartzea. Izan ere, arantza bat edo beste daukat Zornotzako EH Bildurekin, inoiz zinegotziren bati ere adierazi izan diodana, eta ez nuke nahi min horrek tonu desegokia eranstea nire hitzei, arranguratik idazterik, inork nik esandakoak erasotzat hartzerik.

Edozelan ere, pentsatu nahi dut gonbita egin didatenak kontziente direla nire arantzez eta, hain justu ere, horiek plazaratu ditzadan jo dutela nigana, ez niri plazer egiteagatik, noski, baizik eta horien inguruko eztabaida txiki bat piztu nahian-edo. Egia esan, ez dakit ziur hala den, asmo horrekin etorri ote diren; baina nolabaiteko helduleku bat behar dut zeregin honi ekiteko, eta, besterik ezean, horri eutsiko diot.

Eta zergatik hainbeste azalpen? Bada, esango dizuet. Asteburu osoa eman dut arantza horietako bati buruzko artikulu bat ondu nahian eta, zerbait idatzi badut ere, ez dut lortu erabat biribiltzea. Lehenengo hiru orri idatzi ditut, gero bira ekarri, esaldiei buelta eman, aditzak aldatu… Eta ez, ez dut lortu gustuko emaitzarik. Harritu egin naiz, ze, normalean, horretara jarriz gero, laster hartzen diot tonua idatzi nahi dudanari, erraz antzean igartzen dut zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Oraingoan, baina, hor ibili naiz, belarrian irrintzi egiten didana zer ote den asmatu ezinik. Azkenean, igande gauean artikulua amaitu barik oheratu nintzen, arduratuta, entregatzeko epea ere agortuta. Eta gaur, astelehena, autoz Usurbilera noala eta burua beste nonbait dudala, argi ikusi dut zein izan den nire ezintasunaren arrazoi nagusia: zuok, irakurleok.

Izan ere, inoiz edo behin egunkari edo aldizkariren batean argitaratu izan ditut nire gogoetak, eta, kasu horietan, irakurlea ezezaguna zen, halako masa zehaztugabe bat, urrutitik ikusten nuena eta urrunetik begiratzen zidana. Oraingoan, berriz, irakurleak ezagunak zarete, edo ezagunagoak, behintzat (oso despistatua naiz, barkatu), eta herrikideak, gainera; etxe inguruko dendetarako bide laburrean ere, erraz egin dezaket topo zuekin. Horregatik-edo, nik hemen esandakoek pisu handiagoa hartuko dute, zuzenagotzat jo daitezke; pertsonalagotzat, nahi bada. Eta ez nuke nahi nire hitzek inor mintzerik, ezta inor behar baino gehiago haserretzerik ere, nire asmoa ez baita inondik ere polemika bizi bat piztea, ezta inor nirekin haserretzea ere, baizik eta kontu batzuei buruz dudan ikuspegia azaltzea eta, zergatik ez, kale-kantoian, terrazetan eta espazio formalagoetan egiten ditugun gogoetetan beste urrats bat egitea, benetan uste baitut horrelako topaketa antolatu zein inprobisatuak ezinbestekoak direla elkarrekin pentsatzeko zer modutan egin nahi dugun aurrera gero eta komunitate osasuntsu, kohesionatu eta feministago bat izateko.

Horiek, bada, nire lehen berbak, beste ezer esan aurretik adierazi nahi izan ditudanak. Gustua baduzue, laster arte. Eta, bitartean, zaindu zeuen buruak eta zaindu elkar, gure herriak gu guztion beharra du eta.