Lurra zaindu, eredu soziala aldatu

xabi-gutierrezAHT Gelditu! Elkarlanak  eta hainbat talde sozial zein sindikalek,  2016ko maiatzaren 20, 21 eta 22an TXIRRINKA izeneko ekimena burutuko dute.

Txandakako bizikleta martxa honetan parte hartuko duten gizarte eragile eta kultur taldeek, elkarri lekukoak pasatuz, lau zutabetan Euskal Herria zeharkatuko dute Bergarako AHTren korapiloan batu eta helmugaratzeko.

Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!’ leloa izango da ekimen honen ardatza. Izan ere, azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da, jendartearen behar oinarrizkoenen gainetik hormigoiaren politika inposatuz: AHT, gas Fracking, Garoña, zentral termikoak, errauskailuak, goi tentsioko lineak, urtegi eta ubideak, hainbat harrobi eta meategi erraldoi…

Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar da, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz.

Bide horretan bere alea jartzeko asmotan, Zornotzako Ziztada Guneak maiatzean Aste Antidesarrollista antolatu du.

Txirrinka maiatzaren 21ean Zornotzatik pasatuko da arratsaldeko 17:00ak inguru Elorriorako bidean eta deialdia egiten dugu zure bizikleta hartuta parte hartzeko Elorrioraino eta hurrengo egunean Bergarako Angiozar auzora joateko Txirrinka amaierara.

AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!

Informazio gehiago, Txirrinka ekimenaren blogean.

txirrinka