Maiatzaren 7ari begira

2017ko maiatz honetan 80. urteurrena betetzen da Gerra Zibilean topa frankistek Zornotzako herria eta Bizkargiko tontorra bonbardatu zutela; herrian 30 hildako eta 60 pertsona zaurituta suertatu ziren eta mendian 120 bajatik gora.

Beraz, egun berezia izango da aurtengo Bizkargiko Eguna, maiatzak 7, bertan horren guztiaren memoria ahazturaren zulotik atera behar dugulako. Baina, egun alaia ere izango da Bizkargin, horretarako programa zabala eta erakargarria antolatuta dagoelako “Bizkargi Gogoratuz” elkartearen eskutik.

Maiatzak 7, ordea, are bereziagoa izango dugu Zornotzan aurtengoan, Gure Esku Dagok Herri-galdeketa antolatu duelako, galdera zehatz batekin: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? ¿Quieres ser ciudadano/a de un estado vasco soberano?

Nire erantzuna “bai” izango da, arrazoi askorengatik: Gure herria injerentzia barik guk antolatzea behar eta nahi dudalako, inposiziorik gabe, gure nortasuna zainduz eta bultzatuz, euskal herritarrak oinarri eta helburu duen egitura instituzionala behar dugulako, Frantziako eta Espainiako legeen menpekotasunik gabe.

Nire botoa “bai” izango da herritik sortutako kultura bultzatu nahi dudalako, gure hizkuntza gorenera igotzeko mintzatu eta idatzi nahi dudalako, ekonomia ikuspegi ekologistatik eta justizia sozialetik trazatu behar delako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatu behar delako, Euskal Herri solidarioa eraiki gura dudalako, sexu orientazio, arraza, jatorriko berezikeriarik gabe… Konklusio gisa, aho txiki honetatik argi adierazi behar dizuet: Euskal Herri honetan pertsona libreak izateko euskal estatu independientea ezinbestekoa da.

Seguru zuk-zeuk ere hainbat eta hainbat gai idatziko zenituzkeela.