Maitasun kateak

UnaiOrmaetxea2Federicco Mocciaren nobela baten heroiak ta heroinak beraien izenekin grabatutako giltzarrapo bat eskegitzen dute Erromako Milvio zubitik ur, ondoren, musu eman ta giltza Tiber errekara botatzeko.

Ta bizitzak Sansonekin egin zuen moduan -hala aldaratzen dut nik behintzat- maitasun espresio goren bilakatzen da keinu hori maite’min’en ahotan.

Hala horra, 2008an Parisko Pont des arts-en irekitako moda, Senako zubi guztietara hedatzen da, baita Mosku, Berlin, Bruselas, Kiev, Vilnius, Florencia, Verona, Venecia, Shangai, Marracech edo Pragara noski.

Maitasun kateak, bai, maitasun kateak.

Eta egia esan horixe da bere izaterik benetakoena; izena.

Nola demontre irudika daiteke maitasuna, zerbait hertsia bezala? Betirakoa; inmortala.

Hori gorrotoarekin berarekin ere egin ezin daitekeenean apenas.

Aldakorrak garen heinean momentua iltzatzea baino ez dugunean. Asko jota ere, asmoa edo gogoa.

Nori bururatuko zitzaion -ironia hutsa ezean- adierazpen askatasuna aho itxiarekin simulatzea?

Baina eta, noren burutan sartzen da sentipenak hipotekatu eta garapena bera giltzaperatzea? Hori ez da maitasuna kontrakoa baizik maitaleok!

Aldaera ezin hobeto datorkit azken gertaeren harira. Herrikoak ixtearen erabakiaren ildora. Hargatik ‘apenas’ hori, Euskal Herria giltzaperatu nahi duten botereek, betilez, ez baitute neurririk herri zati honekiko. Edozer da zilegi ta zirrikitu txikiena ere estaltzea xede.

Ez da gaurkoa baina arazoa, zoritxarrez. zenbatezinak dira ukoak, nolabait izenpetze aldera. Urteak eta urteak daramatza herri honek lubakien gainetik salto egiten ordea. Hain zuzen, horixe da nire uste apalean gure txikitasunean handi egiten gaituena; ametsak amets, errealitatearen gainean, jendearen bihotz taupaden aginduz, eraiki eta berreraiki den mugimendua. Bizkarrezurra etengabe gorpuztearen miraria!

Guk sinesten dugulako maitasunean, askatasunean, adierazpenean eta giltzetan. Baina zeruak irekitzeko giltzetan. Leihoetan hala esan nahi bada!

Ez diogulako inori giltzarraporik opa, izenaren ordez bakoitzak bere izana bilatzea baino.

Bidea ta ez harresia. Bakoitza bera izanda, gu, gu izango garelako, hori bezain sinplea.

Badirudi Paris ohartu dela gehiegikeriaz eta giltzarrapook kentzea erabaki du duela hilabete eskas, erabakia nire kontuetan oinarritu gabea izango bazen ere. Ia nahita edo oharkabean -berdin zaigu- bada ere, era berean metaforatik harago, herri honekikoak kentzen dituen, eta erreskadan Espainiak etsenplu hartzen duen, gera ezina den haize bati harrika ibili ordez. Oxala, epidemia naturista honek txoko guztiak zipriztinduko balitu, Saharara eta Palestinara helduaz boteprontora.

Edozein askapen mugimendu da Espainiarentzat jo puntu, Katalunia zein Euskal Herria deitu, baina hain zuzen beraien hermetikotasuna da herri garenaren zeinu goren. Beraien ‘euren’ izan nahia gure ezberdintasunaren seinale. Beraien herri ukapena hain zuzen ere gure lurraldearen izate. Eta esana doa duda-izpitan darraienentzat; beraien pozoia gure geziaren arrazoi!

Segi dezala auzokideak, hala nahi badu -naiz ta azkenerako bidezidorrak agertu ta batzuk bederen konturatzen hasiak diren zantzuak ageri- azken 40 urteetan bezala, beraien kobazuloetan atzera pausuak ematen, gizarteak bortxatu eta argia hiltzen.

Guk gure esparruak eraikitzen jarraituko dugun bezala, esku bakarraz bada ere. Gu beste tribu bat garelako, kateak maite ez dituen giza talde bat. Maitasuna aske, handi, uneko eta eder marrazten jarraitu nahi duen berori hain zuzen, lotsagarriok!!!!!!!