Maite Ingunza: “Herritarrok kontziente izan behar dugu eskubidea dugula kezkatzen gaituzten gaien inguruan erabakitzeko, eta hori baliatuz etorkizuna ere erabakitzeko”

Maiatzaren 7a egun berezia izango da aurten zornotzarrontzat. Bizkargi Eguna izateaz gain, Gure Esku Dagok herri-galdeketa antolatu du, eta herritarrek hurrengo galderari erantzuteko aukera izango dute: “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Maite Ingunza Zornotzako Gure Esku Dago taldeko kidea da eta maiatzaren 7ko herri-galdeketaz aritu gara berarekin.

 

– Zornotzako Gure Esku Dago taldeak nolako egitaraua antolatu du maiatzaren 7rako?
Maiatzaren 7rako bozketa antolatu du Zornotzako Gure Esku Dago taldeak eta 9.00etatik 20.00etara eman ahal izango dute bozka herritarrek. Horrez gain, egunean zehar, hainbat ekintza egongo dira, besteak beste, abesbatzak, umeentzako tailerrak, Zaparrada batukada eta Oxabi taldearen eskutik erromeria.
– Zein da herri galdeketaren helburua?
Herritarrek beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea. Ondorioz, gizarte demokratiko batean , herri galdeketa etorkizuna erabakitzeko bide egokiena da. Hori dela eta, herritarrei galdetzea da helburua. Herritarren iritzia ezagutu nahi dugu, gehiengoaren borondatearekin datozen erabakiak hartzeko.
– Zein lekutan eman ahal izango dute botoa herritarrek?
Bost bozkagune egongo dira maiatzaren 7an eta 16 urte bete eta Zornotzan erroldatuta dauden herritar guztiek eman ahal izango dute bozka. Zelaieta parkekoa 09.00etatik 20.00etara egongo da zabalik, eta gainontzekoak 09.00etatik 14.00etara.

– Zelaieta parkean, karpa txikia

– Boroako txokoa

– Larran, Propi ondoko txokoa

– Etxanon, frontoi ondoan

– Euban, harategi ondoko lokala

Horrez gain, egunean bertan bozkatzera hurbildu ezin diren herritarrek aurretiaz bozkatzeko aukera izango dute. Apirilaren 27an eta maiatzaren 4an, biak ostegunak, 16.30etatik 21.00etara, Luis Urrengoetxea 8ko lokalean.
– Nola animatuko zenituzke herritarrak galdeketan parte hartzera?
Herritarrok kontziente izan behar dugu eskubidea dugula kezkatzen gaituzten gaien inguruan erabakitzeko, eta hori baliatuz etorkizuna ere erabakitzeko. Maiatzaren 7an bozkatzera animatuko nituzke, euren borondatea zein den esatera.
– Galdeketaren ostean, ze bide hartuko du Zornotzako Gure Esku Dago taldeak?
Behin maiatzaren 7ko galdeketa igarota, ekainaren 10ean Bilbon egingo den ekitaldi nazionalean oinarrituko gara. Bertan, herrietan erabakitako itun bat aurkeztuko da, ondoren erakundeetara bidaliko dena.