Memoria, errelatoa…

Hemendik egun batzuetara bi urte beteko dira Venezuelako hiriburuan, deportazioan, joan zitzaigunetik (deportazioa ez leku baten modukoa litzateke, non pertsonak ez duen ez oinarrizko legerik, ez inolako babes juridikorik, ez dagoelako inon erregistraturik).

Miguel Angel Aldanari buruz ari natzaizue, bi urte beteko direlako Gorozikako iraultzaile eta gizon maitatu honek bere azken hatsa eman zuenetik. Behin eta berriro lehenengoko lerroan ibilitako borrokalari fin batek utzi gintuen, baina esango nuke gure begietan berak utzitako irudia dugula klikatuta non, hilzorian eta ospitaleko ohean besoa altxatuta eta ukabila irmo itxita, duintasunaren ikur borobila eman zigulako.

Aspalditik gatazkaren errelatoan sartuta gaude, errelatoa bera gatazka bihurtzeraino, inposatu nahi diguten horientzako inolako gatazkarik egon ez arren. Dirudienez oroitzea bera ere delitutzat hartzea gustoko lukete, nahiz euren egi makurra armen bidez lortu gainontzekoei inposatzeko.

Bizitza oroitzapenekin osatuta dago eta guk ez dugu inolako interesik ikasi genuen horien irakaspenak ahanzturara botatzeko, altxor prezitutzat baititugu. Gure burkide eta lagun zen Angelinek azken arnasa eman zuen milaka kilometrotara, bizitza oso bat maite zuenari eskainiz. Duintasuna izan zen bere enborretako bat eta koherentzia bere ideiekiko lotura.

Maiz, hemen eta han, entzuten dugu bidegabea izan zela eramandako borroka, onartezina dela borrokalariei adierazitako maitasun keinu bakoitza, baina metatutako memoriarik gabe ezinezkoa izango litzaiguke errelato duin bat idaztea. Eta hori barik berbak haizeak daroatza.

Denborak ez du aukerarik, denborak gaitu aukera, esango luke poetak. Eta egite horretan gure zereginetako bat jasotakoa egoki transmititzea litzateke ahanzturako ezpondetan gal ez dadin edo, okerrago dena, gu geuk geure utzikeriagatik besteek eurena erabil dezaten inposatzeraino, errelato bakarra idatziz.

Euskal Herritik urrun bai, baina bakarrik inoiz ez. Borroka mundu zabaleko jarduera zela sentitzen baitzuen Angelinek. Senitartekoentzat gure besarkadarik bolivarianoena.