Merkataritza zentro gehiagorik? Ez, eskerrik asko

tantorta (1)

Merkataritza zentro handia eraikiko dute Tantortan.

Nork gogoratzen ditu Zornotzako Pilar eta Toribio bezalako denda txikiak? Nork gogoratzen ditu desagertutako beste hainbeste familia negozio? Nahiz eta instituzioetatik denda txikien aldeko kanpainak egin, gero eta pertsiana gehiago itxita ikusten ditugu gure herriko kale askotan. Eta zabalik irauten dutenak txarto pasatzen ari dira, justu ateratzen dutelako dendak sortzen dituen gastuak ordaintzeko.

Aldi berean, gure herrian multinazional desberdinetako 6 supermerkatu dauzkagu eta beste hipermerkatu handi batzuk inguruko herrietan (Abadiño, Iurreta, Durango, Basauri, …). Pentsatzen dugu ez dela kasualitatea zentro komertzial hauek zabaltzea eta gero eta denda txiki gehiago ixtea.

Multinazional hauek Euskal Herritik kanpotik ekarritako produktuak eta transgenikoak saltzen, euren langileen baldintzak prekarioetan mantentzen edo adibidez esnea bezalako oinarrizko elikagaiak bere benetako prezioaren azpitik saltzen, euren irabaziak handitzen dituzte eta gainera kontsumismora bultzatzen gaituzte. Horregatik guztiagatik denda txikiak ezin dute lehiatu zentro komertzial handiekin.

Hau guztia gutxi izango balitz eta denda txikien galerarekin jarraitzeko Zornotzako Tantorta auzoan euskal multinazional baten hipermerkatu handi bat eraikitzeko proiektua dago hipermerkatu alemanaren aurrean. Porrot egin duen labeleko multinazionala gure herrian gobernatzen duen partiduaren laguntzarekin prest dago Tantorta auzoko urbanizazioa egiteko. Hori bai, bere hipermerkatua eraikitzearen truke. Horrek izen bakarra dauka, xantaia.

Aspalditik Tantortako auzokideak auzoaren urbanizazioa eskatzen ari dira, baina argi dago hori udalaren ardura dela, herriko beste auzoetan egiten duen moduan, eta ez multinazional baten eskutik, xantaiaren bidez.

Gogoratu dezagun, 2001ean udaletxeko partidu politiko guztiek arau subsidiarioak onartu zituzten. Arau hauen arabera ezin dela 600 m2 baino gehiagoko pabiloirik eraiki eta denda txikiak babestea onartu zuten. Gure harridurarako arau subsidiarioak gobernatzen duen partiduak aldatu nahi ditu Tantortako hipermerkatu handi hori (600 m2 baino gehiago) eraiki dadin. Jarrera guztiz kontrajarria da, benetan denda txikien alde badaude ezin da onartu hipermerkatu gehiagorik eraikitzea. Aldi berean urtero baratze sozialak egitearen aurka bozkatzen dute.

Hipermerkatu hori eraikitzen badute, trafikoa, kutsadura, istripuak, zarata gehiago egongo da eta gainera udalak kontsumismoa bultzatuko du beste eredu iraunkor batzuk bazterrean utzita. Adibidez bertako produktuen kontsumoa, agroekologikoa eta transgenikoek gabekoa bultzatu duen eredua. Bide horrek elikadura burujabetza du izena.

ARKUPE KONTSUMO TALDEAren eta ZIZTADA GUNE ASKEAren iritzi artikulua