Munak eta harriak

Etorri ziren, gauaren ilunean, lotsa gutxi eta amorru askorekin. Etorri ziren, goizeko lehen orduan aurpegi estali eta nazka askorekin.
Kimutu zituzten Can vies, Kukutza, Kortxoenea. Loratu ziren Sastraka, Kiñu, Munarri.
Eskuak diruz beteta eta barrua usteltzen dutenen aurrean, sortu ziren herrigintzatik, jaio ziren herritik. Kulturaren gordeleku; autogestoiaren aterpean eta utopiaren babesean. Egin ziren kontzertuak, hitzaldiak, literatur berbaldiak, bertso-saioak, baratzeak, liburutegiak, gimnasioak, tailerrak, harrera guneak. Materialetik maiterialtasunera eraikiz zubiak. Munak igaroz eta harriak pilatuz eraiki dira denak.

Eta berriz etorri dira, duela gutxi, zaharrak berri.
Gorbata gehiegi estututa dutela eta, urkoa ere itotzeko asmoz. Familia bat etxegabetze arriskuan, herriari itzulitako ilusioa berriro sasiak noiz jango zain. Etorri dira, beste batzuen laguntzaz, betikoen agindupean; maiterialtasun gutxi eta materialtasun askorekin.

Eta agertuko dira berriro ere, ez egin zalantzarik. Batzuetan gauaren estalpean, besteetan eguzkiaren argitan. Etorriko dira beste edozein gune autogestionatura, kriminalizatu nahiko dituzte beste hamaika mugimendu, proiektu, babesleku. Etorriko dira betikoen laguntzaz, betikoen agindupean; hemen zein han.
Eta berriro datozenean ere, aurrean izango gara. Gure ahizpen etxea defendatzeko prest, errebeldiaz ortzimugak goxatzen.